→Basauri

San Migeleko hiri-igogailua eraikitzeko kontratazio-prozesua zabalduko du laster Basauriko Udalak

Igogailua Gernika eta Ramon Kareaga kaleetako zati berriaren artean kokatuko dute, eta 13 pertsonentzako edukiera izango du.

Igogailuaz gain, Castilnovo plazatik hiri-igogailuraino doan bidea egingo dute // Argazkia: Geuria

San Migeleko etxalde berrian hiri-igogailua eraikitzeko lanak kontratatzeko prozesua hasiko du datozen egunetan Basauriko Udalak. Igogailu hau Gernika eta Ramon Kareaga kaleetako zati berriaren artean kokatuko dute, eta 13 pertsonentzako edukiera izango du. Sarbideak bi izango dira: bata Gernika kalean, eta bestea Ramon Kareagan. 

Igogailuaz gain, Castilnovo plazatik hiri-igogailuraino doan bidea egingo dute, eremuko urbanizazioa burutzeko beharrezko eskudela luzatuko dute eta biribilgune berrian seinale horizontal eta bertikalak jarriko dituzte.

Oinarrizko lizitazio-aurrekontua 263.262 eurokoa da, eta behin obrak adjudikatuta eta lanak hasita, lau hilabeteko epea izango du enpresa esleipendunak igogailua eraikitzeko.

Aldaketak proiektuan

Proiektuak aldaketak izan ditu. Hain zuzen ere, jatorrizko planteamendua aldatu egin zuten, aukera egon zedin igogailua lehenago eraikitzeko eta eremua “ahalik eta lasterren” irisgarria izan zedin.

Hasieran proiektatutako igogailua egin ahal izateko, beharrezkoa zen lehenago, behealdean, Gernika kaleari paralelo, etxebizitza tasatuak eta libreak eraikitzea, baina proiektu horrek oraindik ez dauka ez sustatzailerik, ez hasiera-datarik. Horregatik, egoerari irtenbide bat emateko, San Migel Auzo Elkarteko kideekin eta eremu berrian dagoeneko bizi direnekin bildu zen Udala, eta urbanizazio-proiektuaren aldaketa idatzi zuen.

Irtenbidea izan da igogailuaren kokapena aldatzea: jatorrizko proiektuan, orubearen behealde eta eskuinaldean zegoen (hurrengo etxebizitza-ilara eraikiko den tokian), baina azkenean, dagoeneko jendea bizi den etxeen ondoan eraikiko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak