→Basauri

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia indartuko dute San Migelen jende-pilaketak ekiditeko

Hurrengo egunotan, eta San Migel eguna hurbiltzen ari den egunotan, Udaltzaigoaren eta Ertzaintzaren prebentzio-lanak indartuko ditu Basauriko Udalak, “jende-pilaketak eta botilioiak ekiditeko”.

Udaltzaigoaren eta Ertzaintzaren prebentzio-lanak indartuko ditu Basauriko Udalak San Migelen // Argazkia: Geuria

Hurrengo egunotan, eta San Migel eguna hurbiltzen ari den egunotan, Udaltzaigoaren eta Ertzaintzaren prebentzio-lanak indartuko ditu Basauriko Udalak, “jende-pilaketak eta botilioiak ekiditeko”. Asmoa da, udalerriko segurtasuna bermatzea, “eta gerta daitezkeen gorabeherei erantzun bateratu eta koordinatua ematea”, diote udal ordezkariek.

“Udan zehar Bizkaiko udalerri askotan gertatutakoak aztertu ostean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-lan indartua eskainiko dute, Covid-19a hedatzea ekiditeko neurriak betetzen direla bermatzeko. Prebentzio-ekintzak izango dira, batez ere, aski ezagunak diren mugak gainditzen dituzten jende-pilaketa handiak, eta Eusko Jaurlaritzak jardun sozialerako ezarritako neurriak nahita urratzen dituzten botiloiak saihestea”, diote udal ordezkariek. 

Gauzak horrela, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak “etengabe” egongo direla azpimarratu dute udal arduradunek: “Batera ariko dira, bai herritarrek beren laguntza eskatzen edo beren beharra sortzen den tokietan, baita kontrolik gabeko taldeak modu arduragabean batu, eta, indarreko araudia urratuta, botilioia egiteko biltzen diren lekuetan ere”, diote. Botilioietan parte hartzeak 600 euroko isuna dakarrela gogorarazi dute. Basaurin, esaterako, orain arte ehun pertsona baino gehiagori ireki diete espedientea kalean edateagatik.

Era berean, San Migeleko ostalaritza-lokal guztietatik igaro da Basauriko Udaltzaingoa, “beste udalerrietako kasuez ohartarazteko eta elkarrekin lan egiteko eskatzeko, jaiegunak arazorik gabe joan daitezen”, diote, eta gaineratu dute, “polizia-kidego biek eskerrak ematen dizkiete ostalariei, San Migel zibiko eta eredugarri baten alde lankidetzan aritzeko agertu duten jarrera eta inplikazioagatik”.

Jairik ez dagoela gogorarazi dute bai Udalak bai Mikelats Kultur Elkarteak; hala ere aste kulturala antolatu dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak