→Basauri

San Migeleko Zuberoa kaleko haurrentzako parkea berrituko du Basauriko Udalak

Segurtasuneko zoladura berri bat eta jolasteko elementu berriak jarriko dituzte. Lanak bi astez luzatuko dira eta Udalak 40.000 euro bideratuko ditu.

zoladura berria eta jolasteko elementu berriak jarriko dituzte // Argazkia: Basauriko Udala

San Migeleko Zuberoa kaleko haurrentzako parkea berritzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Segurtasuneko zoladura berri bat eta jolasteko elementu berriak jarriko dituzte, hala nola, txirrista, kulunka anizkoitza, zabu bikoitza eta igotzeko elementuak dituen gune bat. “Urte asko igaro dira haurrentzako aisialdi eta jolas-gune hori jarri zenetik, eta beraz, gunea erabat berrituko dugu”, diote udal ordezkariek. Zuberoako haur-parkea berritzeko lanak bi astez luzatuko dira. Udalak 40.000 euro bideratuko ditu esku-hartze horretan.

Haurrentzako 38 eremu eta 9 eremu bioosasungarri ditu Basaurik, eta horietako asko duela hamarkada batzuk jarri zituzte. Hori dela eta, Udalak urtero erabiltzen du aurrekontuaren ehuneko bat haur-parkeak hobetzeko, berritzeko eta instalatzeko, “betiere, udal diru-kutxaren eskuragarritasun ekonomikoaren arabera”, diote. Duela gutxi Karmelo Torre eta Kantabria kaleetako parkeak berritu ditu Udalak, eta Bizkotxaldeko hareazko parke berriaren obrak esleitzeko daude. Gainera, azken urteotan, lehen aldiz, bi haur-parkeetan estalkiak jarri ditu Udalak, Soloarten eta San Migelen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak