→Basauri

Basauriko Metro geltoki berria L1, L2, L3 eta L5 lineekin lotzeko aukera proposatu du EH Bilduk

Sarratuko geltoki berriaren diseinuaren alternatibak aurkeztu ditu gaur Basauriko EH Bilduk // Geuria

Galdakao Metroarekin lotzeko obrak urrian hasiko dituzte, Sarratu abiapuntu. Hain zuzen ere, geltoki berri bat eraikiko dute Sarratun, Metroaren L1 eta Euskotrenen L3 eta L5 lotuko dituena. “Herritarren eskaerari erantzuten dio L5aren proiektuak. Alegia, Galdakao-Usansolo Ospitalearekin lotura du 5. lineak. Oro har, berri ona da; hala ere, Basauriren ikuspuntutik aztertuta, Sarratuko geltoki berrian egiturazko gabeziak antzematen ditugu lurralde plangintzari, mugikortasunari eta kohesio sozialari dagokionez. Ez dugu Intermodalik ikusten Sarratuko geltokian, eta herrian ditugun trenbideak ez dira erabat ezabatuko”, dio Bea Agirre Basauriko EH Bilduko zinegotziak.

Sarratuko geltoki berria Azbarren aldean izango litzateke, estazio elektrikoaren ondoan gutxi gorabehera. Basauriko EH Bilduk, ordea, Sarratuko geltokirako “kokapen alternatibo” bat aurkeztu du: Metro Bilbaok metroak gordetzeko duen garajearen ondoan, alegia. “Kokapen horretan geltokia eraikiz gero, bertan lotura izango lukete Metroaren L1 (Etxebarri-Plentzia), L2 (Basauri-Kabiezes), L3 (Kukullaga-Lezama) eta L5 (Sarratu-Usansolo Ospitalea)”, dio Javi Valle Basauriko EH Bilduko zinegotziak: “Bertan, lineak batzen dira eta ez dago horien arteko distantzia edo desnibelik, ofizialki aukeratutako kokalekuan gertatzen den bezala. Gainera, alternatiba honek Sarratun benetako intermodala sortzea ahalbidetuko luke”.

“Ez dakigu proposatzen dugun hau bideragarria den, baina behintzat aztertu dezaten eskatzen dugu. Basaurirako planteatutako proposamenari egiten dizkiogun kritikak ikuspegi eraikitzaile hutsetik egiten ditugu. Gure asmoa da herrian ahalik eta adostasun zabalenak lortzea, Basauriren interesak defendatzeko jarrera bateratua finkatu ahal izateko, egungo proiektua hobetzeko irtenbide eta alternatiba posibleak planteatuz, proiektuaren ardura duten erakundeek aztertu beharko dituztenak”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko zinegotziak.

Ildo horretan, martxoko osoko bikuran mozio bat aurkeztuko du koalizioak. Mozioak bost puntu ditu: Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzea Basauritik igarotzen den Metroaren 5. linearen proiektua berriz aztertzea; Sarratuko etorkizuneko geltokiaren kokapena aldatzearen bideragarritasuna aztertzea, metro-lineen arteko konexioa ahalbidetzeko, L2 barne; Sarratuko etorkizuneko geltokiak izaera intermodal erreala izatea, Bizkaibuseko lineekin lotura bermatuz bidaiariak trenbide-sistemara aldatzeko, eta disuasio-aparkaleku bat jartzea edo azpiegitura egokiak (bidegorria, bizikleta-aparkalekuak…) instalatzea, bertara bizikletaz joan ahal izateko; geltokiaren beraren irisgarritasun-ezaugarriak aldatzea; eta, L5eko trenbide-sisteman merkantzia-trenak barne hartzeko aprobetxatzeko aukera aztertzea eskatzea. “Azken puntuari dagokionez, trenbide-azpiegitura ez litzateke bikoiztuko L5eko tarte osoan, eta egungo trenbidearen lursaila libre geratuko litzateke beste behar batzuetara bideratzeko, eta Urbiko trenbide-pasagunea ere ezabatu ahal izango litzateke”, dio Vallek.

Intermodala ala aldageltokia?

Sarratuko geltoki berriaren izaera errealaz ere galdetuko du Basauriko EH Bilduk martxoko osoko bilkuran: “Intermodal bezala definitu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina hori ez da egia. Aldageltokia baino ez da. Ez da inolako loturarik aurreikusten beste garraio publiko batzuekin (Bizkaibus zerbitzua, esaterako), eta ez du disuasio-aparkalekurik jartzeko aukerarik ere ematen, ezta bizikletaren erabilera sustatzeko azpiegiturarik ere”, diote Basauriko EH Bilduko ordezkariek.

“Garraio kolektiboaren ikuspegi orokor eta integratzailea falta dela uste dugu, eta eskualdeko konexioen benetako korapiloa garatzeko aukera galtzen da. Gainera, proiektatutako geltokiaren beraren ezaugarriei dagokienez, uste dugu ez dagoela behar bezain dimentsionatuta irisgarritasunari dagokionez, geltoki barruan ez baitu eskailera mekanikorik ere aurreikusten, eta mugikortasun murriztua duten erabiltzaileen fluxu guztia bi igogailuetara bideratzen ditu”, diote.

Merkantzien trafikoaz

Bestetik, merkantzien trafikoaz ere zalantzak mahaigaineratu eta proposamenak aurkeztu ditu Basauriko EH Bilduk. “Oso kezkagarria iruditzen zaigu trenbide-azpiegitura berria aprobetxatuz salgaien trafikoa birkonfiguratzeko aukera ere ez planteatzea. Guk proposatzen duguna merkantzia-trafikoa Metroaren 5. Linea berritik ere igarotzea da, eta ondoren Euskotrenen trazaduraren bidez jarraipena ematea. Izan ere, egunean hiru edo lau konboi soilik igarotzen dira trenbide horietatik. Gure proposamenak merkantziak gaueko ordutegian linea berria erabiltzea edo pertsonen garraioarekin uztartzea eskatzen du, beste hainbat lekutan egiten den bezala, (Bartzelonan, adibidez), eta horrela, inguruko bideen bikoiztasuna ezabatu, egungo bideak okupatzen dituen lurrak berreskuratu, sortzen dituzten eragozpen, zarata eta arriskuekin amaitu, eta eragindako perimetro osoa berrurbanizatzeari eta garatzeari ekiteko aukera emateko”, dio Vallek: “Trenbide horretatik igarotzen diren merkantziek Arcelor Mittaleko bobinak garraiatzen dituzte. Guk proposatzen duguna da Kalerotik Arcelor Mittalera zubi bat eraiki eta merkantziak bide horretatik bideratzea da. Gero, bertartik zuzenean iritsiko litzateke Sarratura, dagoeneko badagoelako trenbide bat Arcelorretik irteten dena. Modu horretan, ez litzake merkantziari igaroko Kalero, Pozokoetxe eta Sarratu erditik”.

“Gainera, Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialak Arizko trenbide-multzoa “mendebaldera” eramatea aipatzen du. EH Bilduk Arcelor Mittalek Etxebarrin duen lur erabilezinean kokatzea proposatzen du, merkantzia konboi horien irteera izango litzatekeen lekuan. Horrela, gaur egun Arizko trenbide-multzoan dauden lurrak berreskuratzeaz gain, El Kalero, Pozokoetxe eta Larrazabal zeharkatzen dituen FEVEren bidea kentzea lortuko litzateke, eta Kalero, Ariz eta Urbiko trenbide-pasaguneak kendu ahal izango lirateke, eta gaur egun Basauriko hirigunea eta Larrazabal lotuko dituen hesi fisikoa kenduko litzateke. Gainera, gaur egun Basauriko herrigunea eta Larrazabal kalea eta Baskoniaren etorkizuneko hedapen-eremua bereizten dituen hesi fisikoa ezabatu liteke, eta horrek hiri-bilbeak lotzeko aukera emango liguke”, dio Vallek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak