→Basauri

Bideoa | Metroa, Euskotren eta Ospitalea lotuta geratuko dira Sarratuko geltoki berrian, Basaurin

Galdakaoko 5. linearen proiektuak zalantza asko sortu ditu herritarren artean. Batez ere Basauriko eta Galdakaoko herritarren artean. Urrian hasiko dituzte lanak Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta bost geltoki berri eraikiko dituzte: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea. Basauriri eta Sarratuko geltoki berriari dagokionez, zalantzak argitzeko asmoz, Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza arloko zinegotziarekin batu gara gaur GEURIAn.

Sarratuko geltokia nolakoa izango den galdetuta, bertara Metro Bilbao eta Euskotren helduko direla adierazi du Renteriak: “Sarratuko geltokian Metroa (1. linea) eta Euskotrenen egungo linea (3. linea) elkartuko dira. Puntu horretatik aurrera, 3. linea 5. linea bihurtuko da”, dio Renteriak: “Basaurin gaur egun Metroaren 2. linea soilik dago (Basauri-Kabiezes), eta etorkizunean honakoa izango dugu: Etxebarritik Sarraturaino Metroaren 1. linea zabalduko da (Plentzia-Etxebarri). Gaur egun, Basaurikook Plentziara joan nahi badugu, trenez aldatu behar dugu, baina Sarratuko geltoki berriarekin Metro Bilbaoko 1. linea hartuko dugu, aldaketarik egin gabe; Sarratutik Galdakao-Usansolo Ospitalera joan gaitezke (5. linea); Txorierrira joan gaitezke; baira Bermeora edo Donostiara ere”.

Galdakao-Usansolo ospitalera joateko basauriarrek tren-aldaketarik egin behar ez dutela zehaztu du Renteriak: “Sarratun hartuko genuke trena eta zuzenean joango ginateke Galdakao-Usansolo ospitalera. Ez genuke Zazpi Kaleetara joan beharko”. Metroaren 1. eta 2. lineen arteko kota-aldea 25 metrokoa da, eta horrek teknikoki bideraezina egin du Sarratuko geltoki berrian bi lineek bat egitea. Hortaz, Basauri eta Arizko Metro geltokietatik Galdakao-Usansolo Ospitalera joateko herritarrek trenez aldatu beharko dute. Adibidez, Metroaren 2. linea har dezakete, Etxebarrin gelditu, bertan Sarraturako Metroa hartu eta bertan 5. linea hartu. “Hala ere, ETSrekin izan genuen bileran azaletik aztertu genuen aukera bat aztertzea proposatuko dugu: Unamunon (Bilbo) dauden bezalako arrapala mekanikoak jartzeko aukera Arizko Metro geltokitik Sarratukoraino. ETSk aztertu beharko luke hori posible den ala ez”.

Espazio berria Sarratun

Sarratuko geltoki berriarekin espazio berri bat sortuko litzateke hor inguruan. “Gaur egun dauden trenbideen zati bat estaliko litzateke. Azalera handia irabaziko dugu. Larrazabaleko errepideraino estaldura erabatekoa izatea lortu nahi dugu, eta hori bultzatuko dugu. ETSri transmititu diogun zerbait da”, dio Renteriak. Sarratuko geltokirako sarrera Azbarren aldean izango litzateke, estazio elektrikoaren ondoan gutxi gorabehera.

Arizko geltokia desagertuko da

Arizko egungo Euskotreneko geltokia Sarratura eramango dute. “Alde batetik, Arizko bizilagunei urrutiago geratuko zaie geltokia, baina, bestetik, Sarratu, gainontzeko udalerriari begira, hurbilago egongo da”, dio Reneteriak: “Gainera, ez dezagun ahaztu Sarratun garapen urbanistiko handia egiten ari garela eta orain Azbarrenekin hasi behar dugula. Azbarren, Sarratu eta Larrazabalen artean mila etxebizitza berri baino gehiago izango dira geltoki berriaren inguruan”.

Arizko geltokitik merkantziak bakarrik igaroko lirateke: “Egungo bidaiari-trafikoa ezabatuko dugu Arizko geltokitik, eta merkantzien trafikoa baino ez litzateke egongo, askoz ere gutxiago”, dio Renteriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak