→Basauri

Sarratuko geltoki berrirako proiektua berrikusteko sinadura bilketa hasiko dute Basaurin

Basauriko hainbat herritarrek osatzen dute 'Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez' plataforma // Argazkia: Plataforma

‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ herri plataforma sortu dute Basaurin. Herriko 30 bat elkartek osatzen dute plataforma, tartean, Basauriko auzo elkarteak eta gizarte, kultur eta kirol arloko elkarteak. Sarratuko geltoki berrirako proiektua hobetzeko proposamena eta Basauriko trenbideko garraioa berrantolatzea eskatzen du plataformak.

“Basauri eta Galdakaoko ospitalearen arteko lotura mugarria izango da, zalantzarik gabe; gure herriko bizilagunen mugikortasuna hobetzeko. Beraz, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundia eta ETS erakundea berraztertzen ari diren proiektua “ahalik eta zuzenena” izatea lortzeak -tren aldaketa bakarrarekin- lehentasunetako bat izan behar du. Erakunde hauek orain arte aurkeztu duten proiektuan Galdakaorainoko ibilbidea betetzeko basauriar ia guztiek hiru tren hartu beharko lituzkete”, diote plataformako ordezkariek.

Horrez gain, geltoki berria “benetako intermodala” izatea ere eskatzen du plataformak: “Disuasio-aparkalekua, bizikleta-aparkalekua eta beste garraiobide publiko batzuekiko lotura izan dezan eskatzen dugu. Eta aldi berean, herrian, merkantzien tren garraio berrantolatzeko aprobetxatzea eskatzen dugu, baita trenbide-pasaguneak kentzea ere”, diote.

Sarratuko geltoki berrian “ahalik eta garraiobide gehien” batzea bilatuko du Aldundiak

Sinadura bilketa

‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ herri plataformak sinadura bilketa hasiko du maiatzaren 28tik aurrera. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non izango diren, baina Basauriko “hainbat tokitan” izango direla diote. “Mugimendu honetatik, herriko auzokideak animatzen ditugu bat egin dezatela gure proposamenarekin, eta egungo proiektuak ez dezala gure udalerriko garraioaren eta mugikortasunaren etorkizuna hipotekatu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak