→Basauri

Sarratuko geltokiaren proiektua berregituratzea eskatzeko 3.500 sinadura bildu dituzte Basaurin

Bildutako sinadurak Basauriko Udalean aurkeztu ditu ‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ plataformak // Argazkia: Sagarrak

Sarratuko geltoki berrirako proiektua hobetzea eta Basauriko trenbideko garraioa berrantolatzea eskatzeko sinadurak bildu dituzte azken hilabetean herrian. ‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ herri plataformak abiatu zuen ekimena maiatza bukaeran eta hilabete geroago, 3.500 sinadura baino gehiago jaso dituzte.

‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ plataformaren helburua da etorkizuneko geltokia hobetzea eta “benetako intermodala” bihurtzea: “Benetako intermodala izatea eskatzen dugu, hala nola, disuasio-aparkalekuarekin, bizikletak aparkatzeko gunearekin edota beste garraiobide publiko batzuekiko konexioarekin”, diote plataformako ordezkariek. Gainera, merkantzien garraioa berrantolatzea eta trenbide pasabideak ezabatzea eskatzen du plataformak.

“Basauri eta Galdakao-Usansolo Ospitalearen arteko lotura ahalik eta zuzenena izan dadin eskatzen dugu, tren-aldaketa bakarrarekin. Une garrantzitsua da gure herriarentzat, Galdakao-Usansoloko Ospitalearen inguruan biztanle gehien dituen herria baita Basauri. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundia eta ETS gaur egun aztertzen ari diren azterlana lehentasunezkoa izan behar da”, diote plataformatik.

Sinadurak aurkeztea

‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ herri plataformak bildutako sinadura guztiak aurkeztu ditu Basauriko Udalean. Gaur osoko bilkura dago, baina gaia uztaileko osoko bilkurara (uztailak 28, 18:00) eramango du herri platafrmak. “Sinadurak atzo goizean aurkeztu genituen Basauriko Udalean, eta uztailaren 28ko osoko bilkuran eztabaidatzeko hainbat galdera erregistratu ditugu, udalbatzak erantzuteko zein urrats zehatz emango diren”, diote.

Hogeita hamar bat taldek eta elkartek osatzen dute ‘Sarratu Intermodala bai, baina horrela ez’ plataforma. Horien artean daude: Arizko (Urbi eta Soloarte), Basozelaiko, Bidebietako, Kareagako, Larrazabalgo, Pozokoetxeko, San Migeleko eta Sarratuko auzo elkarteak; Baskonia Mendi Taldea; Gaztelu Ederra, Arizko Ikastola, Haur Alaiak guraso elkarteak; Atezabalik; Basaguren Talde Ekologista; Kareagako Jubilatuak; Kakitzat; Kiskali; Manuela Eguiguren; Mikologika Elkartea; Pentsiodunen Mugimendua; Emakumeak Aniztasunean; Sagarrak Talde Ekologista; Mikelats; San Faustin; San Juantxin; San Migel Bizirik; Sorgina Kultur Elkartea; Trintxera Kultur Elkartea; Eskarabilla Txokoa; eta Wayra Elkartea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak