→Basauri

Sarratuko geltokia Metroaren 2. Linearekin konektatzea eskatu du Basauriko Elkarrekin Podemosek

// Geuria

Galdakao Metroarekin lotzeko obrak urrian hasiko dituzte. Horretarako Sarratun (Basauri) geltoki berri bat eraikiko dute, Metroaren L1, L3 eta L5 lotzeko. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarritako geltoki berri horrek kanpoan utziko luke Metroaren L2rako lotura zuzena. Eta hori da, hain zuzen, Basauriko Elkarrekin Podemos alderdiak aldarrikatzen duena: “Sarratuko geltoki intermodala eraikitzea aspaldiko aldarrikapena da Basaurin. Aurkeztu den proiektuak Metroaren eta Euskotrenen arteko truke-terminal baten funtzioa betetzen du, baina 2. Linearekin zuzeneko konexioa falta da”, deitoratu dute alderdi moretik. 

Modu horretan, martxoko osoko bilkuran proposamen hauek egingo ditu Basauriko Elkarrekin Podemos udal taldeak: Arizko geltokia (Metro L2) Sarratuko geltokiarekin konektatzea; Sarratuko geltokia “benetan intermodala izatea”; eta trenbide-pasabideetako “puntu beltzak” kentzea eta Arizko trenbide-multzoa lekuz aldatzea.

“Sarratuko geltokia benetan intermodala izatea nahi dugu, autobusekin konektatzea ahalbidetuko duena, ibilgailuentzako disuasio-aparkalekua izango duena, eta geltoki barruan bizikletak aparkatzeko lekuak izango dituena. Hori guztia, irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta energia berriztagarrien bidezko autohornikuntza alde batera utzi gabe”, diote Basauriko Elkarrekin Podemosetik.

Martxoa hasieran Basauriko EH Bilduk ere Sarratuko geltokiaren inguruan proposamenak aurkeztu zituen. Besteak beste, geltoki berria “metro batzuk atzerago” eraikitzea proposatu zuen koalizioak, Metro Bilbaok metroak gordetzeko duen garajearen ondoan, alegia. Era berean, Basauriko geltoki berriak izaera intermodal erreala izatea ere eskatuko du EH Bilduk. Martxoko osoko bilkuran ere mozioa aurkeztuko dute.

Hiru urte pantaila akustikorik gabe

Bestetik, beste mozio bat aurkeztuko du Basauriko Elkarrekin Podemosek martxoko osoko bilkuran: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak herrian pantaila akustikoen obrak egin ditzala eskatzea, alegia. “Lan horiek hiru urte baino gehiago daramatzate blokeatuta Kantauri isurialderako Babes Akustikoak Eraikitzeko Proiektu baten barruan, eta horien artean sartzen da Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako partida, trenek gure herriko auzo kaltetuetan sortzen dituzten kalteak arintzeko”, salatu dute alderdi moretik.

Basaurin, bi kilometro inguruko tartean pantaila akustikoak jartzea aurreikusten du Adifek. “Urte hauetan, hainbat auzo-elkartek, ekologistek eta alderdi politikok behin eta berriz eskatu dugu pantaila akustikoak jartzea. Premiazkoa da azkar jardutea, egoera larriagoa izango baita Lapatza auzoan AHTren behin-behineko geltokia eraikitzearen ondorioz trenen maiztasuna handituko delako”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak