→Basauri

Sarratuko geltokian Metroaren 2. Linea ere konektatzea eskatu du Basauriko Udalak

Metroaren (L1 eta L2) eta Euskotrenen bideak (L3), Etxebarri eta Sarratu artean // GMaps

Sarratun egingo duten Metroaren geltoki berriak zeresana eragin du Basaurin herritarren artean azken asteetan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak otsailean aurkeztu zuten Metroa Galdakaorekin eta Usansoloko Ospitalearekin lotzeko azken proiektua eta aurreikuspenen arabera urrian hasiko dituzte obrak. Lanak Basaurin hasiko dituzte, hain zuzen, Sarratuko geltoki berria eraikitzen. Geltoki horretan Metroaren 1. Linea (Plentzia-Etxebarri-Sarratu), Euskotrenen 3. Linea (Lezama-Kukullaga), eta 5. Linea (Sarratu-Usansolo Ospitalea) berria elkartuko dira. 

Metroaren 2. Linea (Kabiezes-Basauri) Sarratuko geltoki berri horretatik kanpo geratzen da, eta horregatik Basauriko Udalak Metroaren L2 linea Sarratuko geltokiarekin lotzeko azterketa egitea eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: “Sarratuko geltokia Ariz eta Basozelaira iristen den Metroaren 2. linearekin lotzea aztertzen jarraitzea eskatuko diegu Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, 5. lineatik bereizitako elementu gisa, bi lineen arteko lotura bermatuz”, diote udal ordezkariek. Gobernu taldeko kideen ustez, Sarratuko geltokia eraikitzea Basaurirentzako “behar estrategikoa” dela diote. 

Proiektuari dagokionez, gobernu taldeak txalotu egin ditu Metroaren 5. linea eraikitzeko iragarpena, Galdakao-Usansolo Ospitalearekin lotuko duen Sarratuko geltokia eta Euskotreneko linearen trazadura berria martxan jartzea: “Bilboko lotuneaz gain, gure udalerriari Eskuinaldearekiko eta Txorierriarekiko lotura zuzena gehituko baitio. Hori abantaila handia da orain daukagunarekin alderatuta, Plentziarekin, Sopelarekin, Deriorekin eta Zamudiorekin zuzenean konektatu ahal izatea, alegia”, diote.

Merkantzien garraioa ezabatzea

Galdakao Metroarekin lotzeko 5. Linea berriak Urbiko eta Arizko trenen zirkulazioa murriztea ekarriko du. Izan ere, Arizko egungo Euskotrenen geltokia Sarratura lekualdatuko dute, eta hortaz, bidaiarien linea Ariztik desagertuko da. Hala ere, merkantziek Arizko geltokitik igarotzen jarraituko dute: “Merkantzien azkoz ere trafiko gutxiago izango dugu. Baina, aurrerapauso bat bada ere, guretzat motz geratzen da, etorkizun hurbilean udalerriko merkantzien trafikoa etengabe ezabatzea izango bailitzateke desiragarriena”, diote udal gobernuko ordezkariek: “Gure ustez, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen garapenak merkantzien trafikoa egituratzen duen elementua izan beharko luke, eta hiri-eremutik desagertu beharko luke”. 

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Gobernuak azterketa bat egin dezaten Basauriko hirigunetik salgaien garraioa pixkanaka ezabatzeko, Urbi, Ariz eta Baskoniako trenbide-pasaguneak desaktibatzeko eskaera egingo die Udalak. Gainera, honakoa ere eskatuko du Udalak: ETSk (Euskal Trenbide Sareak) beharrezko neurriak har ditzala trenbidearen eragina Pozokoetxe, Larrazabal, Sarratu, La Baskonia eta Azbarren ingurutik kentzeko Basauriko trenbidearen berrantolaketa- eta integrazio-azterlanean.

Adostasun osorik ez

Martxoko osoko bilkuran Sarratuko geltoki berriari eta Metroaren 5. Lineari buruzko hiru mozio aurkeztu zituzten EAJ-PSE gobernu taldeak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Bakarra onartu zuten, ordea: udal gobernu taldearena, soilik EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoekin. Koalizio ezkertiarrak eta alderdi moreak euren mozioak batu zituzten, PPren babesarekin. Besteak beste, honako puntuak adostu zituzten bi alderdiek: Sarratuko geltokia “benetan intermodala” izatea, “autobus geltokiekin eta ibilgailuentzako zein bizikletentzako aparkalekuekin”; Sarratun L2 eta L5 lotzea; edota merkantzien trafikoa guztiz kentzea eta Arizko, Urbiko eta La Basconiako trenbide-pasabideak ezabatzea. “Obraren iragarpena albiste ona da, gizartearen aldarrikapen bat egi bihurtzen duelako. Baina proiektua aztertuta, Basaurirako egiturazko gabeziak antzeman ditugu: lineen arteko loturarik ez dago; ez dago merkantzien garraioa eta trenbide-arrakala konpontzeko planteamendurik; eta, gure ustez, ez dela geltoki intermodala, trenbide-trukagailu bat baizik”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak: “Bi aukera daude: proiektua dagoen bezala onartzea edo proiektua hobetzea eskatzea. Baina ikusten dugu ez dagoela denbora nahikorik”. 

“Azken proiektu hau zaharkituta dago; 2010ekoa da. Hamar urte baino gehiago egon da proiektua geldirik, eta horrek Sarratutik Usansolora bitarteko proiektu oso bat edukitzea eragotzi du”, dio Bobi Galdos Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Hain zuzen ere, 2007an Metroaren 5. Lineari buruzko azterketa informatiboa egiteko lehiaketa zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak, Fulcrum enpresari esleitu zioten, eta 2010ean azterketa informatibo hura onartu zuten. 2015an behin betiko proiektua onetsi zuten, gaur arte. “2015etik 2021era bitartean ez dago proiektuaren berririk. Iazko otsailean, hain zuzen, Europako funtsik gabe Metroa Galdakaora iristea ezinezkoa zela adierazi zuten agintariek. Ondoren, 2021eko martxoan proiektua eguneratzeko zerbitzua lizitatu zuten, berriro Fulcrumi, eta 2022ko otsailean, Europako funtsik gabe bidea eraikitzen hasiko direla irarri dute. Zergatik hamar urtetan ez da aukerarik egon alegazioak jartzeko?”, galdegin du Arrietak. “Gai bati buruzko mozioak edo zehaztapenak gorabehera, argi baino argiago dago denok ildo beretik goazela, alegia, azpiegitura berri horrek onura handiena ekar diezaien basauritarrei”, dio Asier Iragorri alkateak. Halaber, nabarmendu du eskatzen diren gai asko Metroaren 5. linearen proiektuan jasota daudela edo aztertzen ari direla. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak