→Basauri

Adin txikikoetan sexu abusuak prebenitzeko jardunaldiak antolatuko ditu Basauriko Udalak kirol eta kultur elkarteetan

Adin txikikoen aurkako sexu abusuak prebenitzeko plan hezitzailea jarri du martxan Basauriko Udalak. Besteak beste, informazio eta sentsibilizazio jardunaldiak antolatuko dituzte.

Adin txikikoen aurkako sexu abusuei buruzko jardunaldia antolatu zuen Marieneak ekainean // Argazkia: Geuria

Adin txikikoen aurkako sexu abusuak prebenitzeko plan hezitzailea jarri du martxan Basauriko Udalak. Besteak beste, planak informazio eta sentsibilizazio jardunaldiak aurreikusten ditu, batez ere, adin txikikoekin lan egiten duten kirol eta kultur elkarteei zuzendutakoak. Era berean, adin txikikoen senideei, ikastetxeetako ikasleei zein irakasleei, eta guraso elkarteei ere dago zuzenduta programa hau.

Ekintza hezitzaile hauek abian jartzeko Udala dagoeneko bildu da kirol eta kultur elkarteekin, ikastetxeekin eta guraso elkarteekin. “Asmoa da elkarte eta erakunde horietako ordezkariak sentsibilizaztzea eta aldi berean eurek euren elkarte edo erakundean programa honen berri ematea. Hitzaldi edo jardunaldi hauetan benetan nor dagoen interesatuta jakin nahi du, planari hasiera emateko”, dio Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako ordezkariak.

Maiatzean eman zuen programa honen berri Udalak. Adin txikikoen aurkako abusuak prebenitzeko eta biktimei arreta emateko du helburu programak. Udaleko indar politiko guztiek eta Ez Naiz Isilduko plataformak adostutako plana da.

Leihatila bakarra

Programa horren barruan, besteak beste, biktimak hartzeko eta haiei arreta emateko leihatila bakarra jarri du Basauriko Udalak. Zerbitzu horretan ibiliko diren Gizarte Zerbitzuetako langileek formazioa jaso dute dagoeneko. Arreta-puntu horrek harremanetarako 944 666 348 telefono zenbakia eta 688 731 509 WhatsApp zenbakia ditu eskura, zuzenago komunikatu ahal izateko, baita abusurikez@basauri.eus helbide elektronikoa ere.

Gizarte-zerbitzuetako leihatila bakarrean harrera eta balorazioa egin eta gero, beharrezko ikusiz gero, Eusko Jaurlaritzaren Biktimari Laguntzeko Zerbitzura (BLZ) bideratuko dute herritarra. Zerbitzu horrek askotariko diziplinetako adituak biltzen ditu, hala nola, juristak, gizarte-langileak eta psikologoak.

Udala, herri akusazio gisa

Basaurin gertatu diren adin txikikoen aurkako sexu abusuei buruzko prozesu judizialetan herri akusazio gisa Udala bera aurkeztuko da, “instantzia judizialek hala baimentzen baldin badute”, diote udal ordezkariek: “Hala ere, Udalak pertsonifikazio eskaera egingo du beti”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak