→Basauri

Gaurtik ostiralera etengo du bere ekoizpena Sidenor enpresak Basaurin, argindarraren prezioak butzatuta

Geldialdiak 40 langileri eragingo die txanda bakoitzeko, eta langileek ordu horiek berreskuratu ahal izango dituzte.

Sidenorrek gaur egingo du Basauriko lantegian urtea amaitu arte iragarri dituen 20 geldialdietatik lehendabizikoa // Geuria

Gaur eguerdian hasi eta ostiral goizera arte eten egingo du altzairutegiko ekoizpena Sidenor enpresak Basaurin. Era berean, ostiralean eta larunbatean ijezketa-trena geldituko dute. Geldialdiak 40 langileri eragingo die txanda bakoitzeko, eta langileek ordu horiek berreskuratu ahal izango dituzte.

Geldialdi hauek argindarraren prezioak bultzatuta egingo dituzte. Izan ere, fabrikazio-prozesuak gauzatzeko Sidenorrek behar duen elektrizitatearengatik ordaintzen duen prezio “neurrigabea” salatu du enpresa zuzendaritzak. Hain zuzen ere, azken urtean prezio hori % 300 baino gehiago handitu da, megawatt ordua 60 eurotik 260 eurora igaro baita. “Kostu elektrikoaren igoera horrek 200 euro gehiago suposatzen du tona bakoitzeko, hau da, fabrikazio-kostuak % 25 baino gehiago igotzea, eta horrek galerak eragiten ditu eta ezinezkoa egiten du egungo ekoizpen-erritmoari eustea”, diote.

Erabilera industrialetarako elektrizitatearen garestitze horren aurrean, Sidenorreko zuzendaritzak Basauriko planta nagusiaren ekoizpena 20 egunez gelditzea erabaki du, hau da, programatutako egun produktiboen % 30, hemendik abenduaren 31ra arte. Gaur, urriak 19, lehendabiziko geldialdia egingo dute, eta astean zehar Arbeste geldialdi gehiago iragarri dituzte.

Langileak kaltetuak

Sindikatuek, bere aldetik, geldialdi horien atzean beste arrazoi batzuk daudela susmatzen dute. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera Sidenor “langileak erabiltzen” ari da “beste helburu batzuetarako”, eta zalantzan jarri du enpresak geldialdia justifikatzeko erabili duen argudioa, hau da, argindarraren prezioaren gorakada “neurrigabea”. “Azken urteetan izan dituen etekinekin, eta gaur egun duen lan kargarekin egoera horri aurre egiteko moduan dago enpresa. Beste behin, langileek ordaintzea nahi da”, dio Aranburuk.

Era berean, Gasteizko eta Basauriko lantegietan lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan ari diren honetan presio neurri bat izan daitekeela uste dute sindikatuek. Hori dela eta, geldialdiaren inguruko xehetasunak eskatu dizkiote enpresari: produkzio eskariak, argindarraren prezioaren garestitzeak eragin dizkion gainkostuak eta enpresa elektrikoekin duen kontratua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak