→Basauri

Basauriko Sidenor enpresan hitzartutako aurreakordioa “eskasa” dela diote ELAk eta LABek

Sidenor lantegiaren sarrera, Basaurin // Geuria

Sidenor enpresan hitzarmen kolektibo berri bat egiteko aurreakordioa erdietsi dute Basauriko lantegiko zuzendaritzak eta LSB-USO, Senda de Ugarte, UGT eta CCOO sindikatuek. Aurreakordio horren kontra bozkatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. ELAtik adierazi dutenez, hitzartutako aurreakordio hori “eskasa” da: “La Senda de Ugarte, UGT, USO eta CCOO sindikatuek sinatutako aurreakordioa ez dugu onartu. Ez da nahikoa”, diote Basauriko Sidenorreko ELAren atal sindikaleko ordezkariek. LAB sindikatutik diotenez, “aurreakordio honek ez du errespetatzen Sidenor Basauriko lantokiko langileen borondatea. Izan ere, azaroaren 8an langileen batzarra egin zen, eta bertan taldeko lantoki batzuei aplikatzen zaien Esparru-Akordioarenpean jarraitzearen aurka bozkatu zen. Lantokiko langileek oso argi utzi zuten Esparru-Akordioaren kontra egiten zutela eta beren lan-baldintzak Basaurin negoziatu behar zirela, eurek bozkatu eta aukeratutako ordezkaritza sindikalarekin”. 

Esparru-Akordio hori abenduaren 15ean sinatu zuten Sidenorrek, UGT-Ficak, CCOO-Industriak eta FI-USOk. Bost urterako Esparru-Akordioa da, eta besteak beste, % 2,5eko ordainsari finkoko igoera ezartzen du aurten; % 2ko igoera hurrengo hiru urteetarako; % 1,5ekoa 2026rako, eta 2027tik aurrera soldata KPIren arabera berrikusteko klausula bat ere zehazten du akordio horrek. Horrez gain, urtarrilean 1.000 euroko prima ez-finkagarria ezartzen du akordio horrek, baita 2023tik aurrera ordainsari aldakorra, enpresaren emaitza ekonomikoen arabera eta 200 kontratu berri eta erretiro partzialak, besteak beste. “Sinatutako aurreakordioak Esparru-Akordioan ezarritakoari eusten dio, ez dira berreskuratu aurreko negoziazioetan galdutako eskubideak, eta gainera, soldata-igoera ez dago KPIari lotuta, eta horrek esan nahi du Sidenor Basauriko langileek erosteko ahalmena murrizten jarraituko dutela”, salatu dute LABetik: “Gainera, urteko lanaldia Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean ezarritakoa baino ordu gehiagokoa da. Sidenorreko langileek Bizkaiko metalgintzako enpresako gainerako enpresetan baino ordu gehiago lan egiten dute urtean. Eta, ez da hobetu lana eta familia bateragarri egitea”. 

“Aurreakordioaren edukiek ez dituzte jasotzen ELArentzat hitzarmen hau sinatzeko ezinbestekoak diren hobekuntzak: hala nola, indarraldia oso luzea da; ez dago lanaldi-murrizketarik 2025. urtera arte eta egun bakarra; malgutasuna ez da murrizten; ez dago lan-egutegiak arautzen dituen neurririk zikloei, atsedenaldiei, aldaketei eta aurreabisuei dagokienez; mugikortasun funtzionalaren puntua ez da hobetzen, eta horrek murrizketa ekonomikoa dakar lanpostu-aldaketaren kasuan; oporren aurreabisua langileen zati batentzat hobetzen da, bestea diskriminatuz; soldata-igoerak ez dira nahikoak, KPIari lotu gabe, eta horrek langileen erosteko ahalmenaren galera areagotzen du; ez du ez aplikatzeko klausularik jasotzen; langileen aldeko prestasun-egunak jasotzen ditu, baina zati batentzat bakarrik; eta eskubide horiek gabe utziko dira laugarren edo bosgarren txandan lan egiten ez duten langileak, behin-behineko langileak eta antzinatasun txikiena dutenak”, diote ELAtik, eta gaineratu dute: “Hobetzen ez diren puntu horietako asko langileek eskatzen dituztenak dira. Beraz, ELAk aurreakordio horri ezetz esateko eskatu die langileei, eta negoziatzen jarraitzeko eta hobetzeko borrokatzeko”.

“Nahigabea”

ELAk “nahigabea” adierazi du Senda de Ugarte sindikatuak aurreakordioa sinatzeagatik: “UGT, USO eta CCOOren sinadura ez da harritzekoa, plantillak partaidetzarik ez duen eta akordioak enpresak nahi duen esparru baten alde egiten baitute. Senda de Ugarte ELA, LAB eta ESKrekin batera negoziatzen hasi zen, denen artean adostutako plataforma bat aurkeztuz. Plataforma horren helburua zen langileek batzarrean adierazitakoari erantzutea: baldintzak hobetuko dituen eta UGT, USO eta CCOOk sinatutako azken bi esparru-akordioetan galdutakoa berreskuratuko duen hitzarmen duina”, diote: “Azkenik, Senda de Ugartek aurreakordioa sinatu du, plataforma bateratutik irten da eta beherantz negoziatu du, guztiz eskasa den aurreakordio bat sinatu arte”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak