→Basauri

Sidenorrek sare inteligente berriak instalatu ditu, “XXI. mendeko erronka digitalei aurre egiteko”

Sidenor enpresak teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du. Gaur Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuak izan dira Basauriko instalazioetan.

Sidenorreko instalazioetan izan dira gaur Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuak // Irekia

Sidenor enpresak teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du. Hain zuzen ere, sare inteligente berriak instalatu ditu, lantoki ezberdinen arteko komunikazioak malgutzeko eta hobetzeko, kudeaketa eta monitorizazioa zentralizatzeko, eta, “XXI. mendeko erronka digitalei aurre egiteko”. “Sidenorrek modernizazioaren eta lehiakortasunaren alde egin duen apustua eredu bat da, “heldua” den sektorea da, baina gaur hemen berrituta eta modernizatuta ikusten dugu, eta bere kalitateagatik eta berritzeko gaitasunagatik nazioartean lehiatzeko prest dago”, dio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumenerako sailburuak. Tapia gaur goizean izan da Basauriko Sidenorreko lantegian, eta enpresa zoriondu du “garai bereziki zail honetan” egindako “inbertsio ahaleginagatik”: “Apustu horretan, Eusko Jaurlaritza aliatua izango da. Izan ere, euskal enpresentzako 70 bat laguntza programa bideratuko ditugu, 432 milioi eurotik gorakoak, eta 2021eko aurrekontuak onartu ondoren aktibatuko ditugu”, dio Tapiak.

“Gaur egun enpresa modernoa ikusten dugu, ez bakarrik ekoizten duen produktuaren kalitateagatik, baizik eta ekoizpen sistemetan egindako hobekuntzengatik, industriaren eta ingurumenaren iraunkortasunerako hain beharrezkoa den eraginkortasun energetikoa bereziki zainduta”, dio Tapiak.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua ere izan da Basauriko lantegian, eta Euskadi Next programaz aritu da: “Euskadi Next ekimenak energia-trantsizio ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta gizarte-kohesioaren erronkei aurre egiteko diseinatutako ekimen publikoen eta publiko-pribatuen multzo koherente eta sendoa biltzen du”. “Inbertsio-programa horrek administrazioen arteko eta administrazioen eta eragile ekonomikoen eta sozialen arteko lankidetza eskatzen du, eta hori maila anitzeko benetako gobernantzan zehaztu behar da, subsidiariotasun-eta erantzunkidetasun-printzipioak baliatzeko, eskumen partekatuak edo propioak finantzatzen dituzten baliabideak diseinatzeko eta horiek gauzatzeko”, dio Azpiazuk.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programa onartu zuen abenduaren 29an. “Hasierako proposamen honetan, gure planteamendua Europar Batasunetik 5.700 milioi euro erakartzeko gai izatea eta lau urtetan 13.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa mugiaraztea da. Zalantza barik, erronka handia da, eta kudeatzen jakin behar da. Administrazio publikoen eta enpresen aldetik”, dio Azpiazuk.

Aldi baterako enplegu-erregulazioa bertan behera

Automobilgintzaren merkatua berraktibatzearen ondorioz, Sidenorrek kendu egin zuen 2020ko urriaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra bitartean aurkeztu zuen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEEE). Erretiratze hori taldearen absentismo-maila altuak (% 14) eragin zuen, eta langile guztiengana jo behar izan zuen berriro lanera itzultzeko.

Siderurgia lantegiak indartsu hasi du urtea eta bere ahalmenaren % 90ean jarduten du. Korporazioaren salmentak % 30 jaitsi ziren iaz krisiaren ondorioz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak