→Basauri

Skate indoor ikastaroa antolatu dute berriro Basaurin, martxotik ekainera

12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta ikastaroa // Life Skate Farm

Iazko urrian martxan jarritako Skate Indoor ikastaroaren harrera ona ikusita, Basauriko Udalaren Zirt Zart gazte zerbitzuak jarraipena emango dio ikastaroari martxotik ekainera bitartean. Ikastaroa Life Skate Farm instalazioetan izango da, Urbi auzoan, Bidebieta Lanbide Heziketako Institututik gertu. Espazio estali horrek 2.400 metro karratu ditu.

Hastapen maila eta maila ertaina eskainiko dituzte, adinaren arabera banatuta (12-16 urte bitartekoak eta 17 eta 35 urte bitarteakoak), asteartetik ostiralera. Bereziki Basaurin erroldaturiko gazteei dago zuzenduta ikastaroa. Martxoaren 22an hasiko da ikastaroa eta ekainaren 24an amaituko dira eskolak. Partaideek astero 90 minutuko saio pertsonalizatua jasoko dute, skatean adituak diren profesionalen eskutik. Guztira hamabi saio izango dira.

Ikastaroan parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 10era arte dute izena emateko epea. Interesdunek ZirtZart Basauriren webgunean edo Basozelai Gizarte Etxeko Gazte Informazioa Bulegora bertaratuz eman dezakete izena. Plaza kopurua mugatua da, eta ‘ZirtZart Bazkide Txartela’ duten gazteek lehentasuna izango dute. Zirt Zarteko bazkideek 60 euro ordainduko dituzte, Basaurin erroldatuta daudenek baina bazkide ez direnek 75 euro, eta Basaurin erroldatuta ez daudenek 195 euro. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak