→Basauri

Basaurik 2,1 milioi euro bideratuko ditu auzoak eta kirol instalazioak hobetzera

Ia milioi bat Artunduagako kiroldegian hobekuntzak egiteko erabiliko du Udalak // Geuria

Iazko soberakineko 2,1 milioi euro erabiliko ditu aurten Basauriko Udalak zenbait inbertsio ordaintzeko. Zehazki, auzoak eta kirol instalazioak hobetzeko erabiliko dute zenbateko hori. Inbertsio honako hauek dira: Artunduagako kiroldegian kirola egiteko espazioak modernizatzea, handitzea eta espazio berriak sortzea (930.919 euro), San Migueleko Ramón y Kareaga kalea berrurbanizatzea (366.408 euro), Bizkotxaldeko parke berria birmoldatzea ordaintzen amaitzea (343.539 euro) San Migeleko doako lurrazaleko aparkaleku berria eraikitzea (180.000 euro), Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua eraikitzea (160.000 euro gehiago -guztira, 860.000 euro), argiteria publikoa berritzen jarraitzeko eta argiteria horren telekudeaketa sistema jartzea (146.093 euro), Jazinto Benavente eta Bidasoa Ibaia kaleetako saneamendua berritzea (96.792 euro), Social Antzokiaren ekipamendu teknikoaren zati bat eta Ibaiganeko arte plastikoen tailerrak berritzea eta auzoetan kale-antzerki eta musika jarduerak egiteko programa berri bat abiaraztea (68.820 euro).

Soberakineko 2,1 milioi eurotik ia milioi bat erabiliko du Udalak Artunduagako kiroldegia hobetzeko (930.919 euro). Gainera, zenbateko horri beste 500.000 euro gehituko dizkiote, izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza hori emango dio Udalari, otsailean argitaratu genuen bezalaBesteak beste, aldagela berriak eraikiko dituzte, barruko igerilekuaren klimatizazioa egokituko eta handitzen hasiko dira, eta erabilera anitzeko pista berria eraikiko dute, jarduketa osagarriekin, hala nola, bio-osasunerako eta kalisteniarako parke eremua eta padel pisten irisgarritasuna hobetzea.

“Hasierako inbertsio horiez gainera, gainerako gerakinarekin auzoen eta espazio publikoen beste beharrizan batzuei erantzungo zaie, eta basauriarrentzako zerbitzu, laguntza eta prestazioak areagotuko edo finkatuko dira, jarduketa horietako bakoitzaren lehentasunaren arabera”, dio Asier Iragorri alkateak. Inbertsio horiek ahalbidetuko dituzten aurrekontu aldaketak martxoko osoko bilkuran onartuko dituzte.

Obrak aurrera

Bestetik, martxoaren 31ko osoko bilkuran onartuko diren inbertsio berri horiez gainera, gobernu taldeak gerakina ere sartu du aurtengo aurrekontuan, esleipen fasean zeuden obrei dagozkien hainbat partida ekonomiko ordaintzeko: ‘Igelaren pasealekua’ osorik birmoldatzea (400.000 euro), Federico Mayoren azken fasea berrurbanizatzea (400.000 euro) eta udal webgunea berritzea (150.000 euro). “La Rana pasealekuko obrak ekainean hasiko dira, eta Federico Mayokoak hilabete beraren inguruan”, dio Iragorrik. Gainera, Bizkotxaldeko ‘hareazko’ parkeko obrak maiatzean bukatuko dituztela adierazi dute udal ordezkariek.

Soberakina erabiltzeaz gain, aurten inbertsio berriak ere egingo ditu Udalak. Guztira, soberakina barne, 4,4 milioi euroko inbertsioa egingo du Udalak aurten. 400.000 euro bideratuko dituzte aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan basauriarrek aukeratutako hamar proiektuak gauzatzeko: udalerriko zuhaitz eremuak handitu eta basoberritzea, ingurumen sentsibilizaziorako panel hezigarriak gehituz; udal parkeetan iturriak jartzea; barandak jartzea oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko; udal eraikinetako eguzki panelen kopurua handitzea; Bizkotxalde parkeko kirol kantxak handitzea; material ludikoak eta didaktikoak erostea ludoteka, gaztegune eta kultur zentroetarako; hurbileko produktuen merkatu bat sortzea; udalerrian bide segurtasuna hobetzeko esku hartzeak egitea; eskolako jolastokiak dinamizatzea jarduera gidatuekin; eta udalaren eta herritarrek erabiltzeko ekipamendu eta lokaletan hobekuntzak egitea.

Beste 176.724 euro baliatuko dituzte Basozelaiko arrapala mekanikoak hobetzeko, eta beste 200.000 euro Autonomia kaleko Gaztegune berria martxan jartzeko. Gainera, 235.000 euro inbertituko dituzte eraikin publikoak mantentzeko eta hobetzeko, eta beste 130.000 euro ikastetxeak berritzeko lanetarako. “Eta hilabete bat barru amaituko dira Matxitxakoko aparkalekuko asfaltatzea berritzeko, antolatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak; aparkalekuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat jarriko da. Hirigintzako esku hartze horren kostua 115.963 eurokoa izango da”, dio Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak