→Basauri

Zuzeneko ikuskizunekin hasiko da bihar Basauriko Social Antzokia

Bihar hasiko da berriro Social Antzokia zuzeneko ikuskizunekin. Covid-19 birusak eraginda, segurtasun-protokoloa prestatu dute. Besteak beste, funtzio bakoitzaren aurretik aretoa desinfektatzen dute, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa da, aurretiaz esleitutako besaulkian eseri behar da, gel hidroalkoholikoa sarreran dago eskuragarri, komunetara banaka sartu behar da, igogailuan pertsona bakarra sartu ahal izango da (laguntzailerik behar ez bada), eta sarrera eta irteera modu mailakatuan izango da.

Social Antzokiko edukiera % 60koa da gaur egun: “Besaulkien ilara batzuk kendu ditugu, ilara eta ilara artean segurtasun-neurriak betetzen direla ziurtatzeko”, dio Fernando Nieva Social Antzokiko programatzaileak: “Segurtasun-protokola maiatzean hasi ginen lantzen eta Sarea Euskadiko Antzoki Sarea zalantzak argitzeko egon da. Antzoki bakoitzak bere errealitatera egokitu du protokoloa”.

“Guretzako lan itzela izan da. Batez ere teknikarientzako eta arduradunentzako. Badirudi protokoloa oso erraz prestatzen dela, baina egia esan atzetik oso lan handia dago”, dio Nievak. Irailean hiru antzerki emanaldi programatu dituzte: ‘Juana’ (Irailak 12. Aitana Sanchez Gijon, Chevi Muraday, Egoitz Sanchez, Victor Ramon eta Javier Monzon), ‘Harri, Orri, Ar’ (Irailak 25. Pez Limbo. Besteak beste, Jontxu Martinez Zarrabeitia usansolotarra), eta ‘Es mi palabra contra la mia’ (Irailak 26. Luis Piedrahita).

Kultura segurua

Irailetik aurrerako Social Antzokiko programazioa koronabirusaren pandemiagatik bertan behera geratu ziren ikuskizunek osatuko dute. Uda aurretik taularatu ezin izan zituzten ikuskizunak irailetik aurrera programatzea erraza izan dela dio Nievak: “Konpainiek lan egin nahi dute eta euren aldetik lana asko erraztu digute. Euren aldetik harrera oso ona izan da eta gu pozik agenda aldetik lekua egin dutelako Social Antzokira etorri ahal izateko”.

“Herritarrak animatu nahiko nituzte Social Antzokira etortzera. Oso lasai etor daitezke antzokira. Nire ustez tabernetan baino segurtasun-neurri handiagoak daude antzokian”, dio Nievak.

Doako 35 ikuskizun antolatu dituzte irailean Galdakaon, Kultur Plaza programan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak