→Basauri

Tania Castillo Cuesta: “Atletismoa askatasuna da; zoriontasuna ematen dit”

Javi Conde Klubeko izarretako bat da Tania, atletismo egokituaren promesa handia. Igeriketa egitetik duela bost urte, 2015ean, hasi zen atletismoan Basauriko klubean. Espainiako Selekzioarekin kontzentratuta egon da azken egunetan Tenerifen.

Espainiako Selekzioarekin kontzentratuta egon da Tania azken egunetan Tenerifen // Utzitakoa

Errusiarra jaiotzez eta Bilbon hazia, Basaurin ordu asko ematen ditu Tania Castillo Cuestak (Errusia, 2005). Javi Conde Klubeko izarretako bat da Tania, atletismo egokituaren promesa handia. Igeriketa egitetik duela bost urte, 2015ean, hasi zen atletismoan Basauriko klubean. Kirola lehenengoz praktikatu eta liluratuta geratu zen. Ordutik pistarik pista dabil Tania: Euskadiko, Espainiako zein Munduko pistetan, alegia. Espainiako Selekzioarekin kontzentratuta egon da azken egunetan Tenerifen. Bere entrenamenduez eta atletismoaz hitz egin dugu Taniarekin.

Noiz hasi zinen atletismoan?
2015ean hasi nintzen atletismoan, 11 urterekin. Bilbon, San Ignaciora joaten nintzen igeriketara, eta bertan amaren lagun batekin egiten nuen topo. Javi Conderen kluba aipatu zidan eta behin Artunduagako kiroldegira joan nintzen zer egiten zuten ikustera. Gaztetxoak nola entrenatzen ziren ikusi nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Egun horretatik aurrera atletismoa praktikatzen dut Javi Conderen klubean.

Nolakoak izan zen hasiera hura?
Oso gustura nengoen. Lehen egunetik ikusi nuen taldera erabat egokitzen nintzela. Egia esan, talde xarmagarria da, eta ahaztuko ez ditudan esperientziak bizitzen ari naiz.

Abiaduran lehiatzen zara atletismoan.
Hala da. Abiaduran lehiatzen naiz, 100, 200 eta 400 metrotan; horien artean 100 eta 200 metroko lasterketetan naiz trebeagoa. Gehien gustatzen zaizkidanak dira, eta bi horien artean askoz gehiago gustatzen zait 200 metrotan lehiatzea, nik esan bezala, denbora ematen baitit korrika egiteko orduan dudan indar hori aprobetxatzeko.

Asteko hainbat egunetan entrenatuko duzu, ezta?
Astean lau egun finko ditut entrenatzeko: astelehenak, asteazkenak, ostegunak eta ostiralak. Artunduagan entrenatzen dut. Gero, txapelketaren bat hurbil badugu, beste egunen batean ere entrenatzen dut.

Nor eta Javi Conde duzu entrenatzaile, medallista paralinpikoa.
Benetan eskertuta nago Javi ezagutu dudalako eta bizi izan dituen esperientziak entzun ahal izan ditudalako. Kontatu izan dizkidan bakoitzean barre asko egiten dut, eta gainera, aurrean dugun pertsona handiaz jabetzen naiz. Batzuetan kosta egiten zait sinestea nire entrenatzailea atletismoaren munduan oso garrantzitsua izan dela. Javi nire ondoan egoteak asko harritzen nau eta aprobetxatu egiten dut berak irakasten digun guztia.

Espainiako selekzioarekin kontzentratuta egotetik etorri berria zara.
Bai, Espainiako selekzioarekin kontzentrazio batean egon berri naiz Tenerifen. Aste osoan entrenatu dugu. Goizetan entrenatzen genuen eta arratsaldeetan gimnasioko saioak egiten genituen eta lehiaketa-teknika berriak ikasi ditugu. Kontzentrazio horiek zure karrera-teknika eta egunerokotasuna hobetzen laguntzen dizute. Esperientzia ahaztezina izan da. Barre egin dugu, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait da. Pribilegio bat da hor egon ahal izatea, baina egia da lan asko egin dudala hor egon ahal izateko. Mundu guztia ezin da horraino iritsi, eta aukera horiek izatea pribilegio bat da.

Zein lehiaketatan arituko zara laster?
Koronabirusaren gai honekin ez dakigu ziur zein lehiaketetara joan gaitezkeen. Dena geldirik dago, baina entrenatzen jarraituko dugu, noski.

Nola eragin die koronabirusak zure entrenamenduei?
Eragin handia izan du, entrenatu ezin izan duzunean forma fisikoa galtzen duzulako, eta gero berriro hartzea asko kostatzen delako. Gogoan dut hasieran nahikoa kostatu zitzaidala nuen forma fisikora itzultzea, baina etxean entrenatzen hasi nintzen eta sasoia berreskuratu eta mantendu ahal izan nuen. Entrenatzaileek asko lagundu digute konfinamenduan.

Basauriko Meeting Paralinpikoa atzeratzea ere ekarri du koronabirusak.
Bai. Azarora atzeratu behar izan zuten Basauriko Meeting Paralinpikoa. Aurten gozatu egin dut Meetingaz eta primeran pasatu dut, baina pena izan da jende asko ezin izan delako etorri indarrean zeuden murrizketengatik. Ileak puntan jartzen zaizkit Meetingarekin: atletak korrika egiten ikusteak, parte hartzen dutela ikusteak asko pozten nau. Bakoitzak lehiatzerakoan adierazten duen alaitasuna, esfortzua ikusten da. Azken batean, Meetinga ikustea asko gustatzen zait, eta are gehiago parte hartzea.

Nazioarteko zenbait txapelketetan ere parte hartu duzu. Hala nola, Notwilleko (Suitza) Munduko Junior Txapelketan eta Dubaiko Munduko Txapelketan.
Ikaragarria da munduan zehar lehiatzeko aukera izatea. Notwilleko zein Dubaiko txapelketetan parte hartzea izugarria izan da. Duela urtebete Dubaiko munduko txapelketan izan nintzen eta ezin dut ahaztu. Harrigarria izan zen munduko atletarik onenekin aurrez aurre egotea. Oso pozik nago esperientzia bizi izanaz. Esperientzia benetan ahaztezina.

Nola uztartzen dituzu atletismoa eta ikasketak?
Egia esan, oso ondo antolatzen naiz. Ikasteko ordutegi bat daukat, eta horrek ez dit eragozten gero entrenatzea. Oso ondo uztartzen ditut ikasketak eta atletismoa, eta oraingoz ez dit eragiten. Etorkizunean, gehiago ikasi behar dudanean, bi gauzak nola uztartu begiratu beharko nuke.

Zer ematen dizu atletismoak?
Atletismoak pertsona gisa hazten laguntzen didaten esperientzia berriak ezagutzeko aukera ematen dit, eta batez ere, zoriontasuna ematen dit. Kirol paralinpikoa ikusten duzunean, izugarria da. Nabaritu egiten da proba bakoitzean atleta bakoitzak egiten duen ahalegina eta gainditzen duena. Ni gero eta harrituago nago kirol paralinpikoarekin, eta oso harro nago kirol egokituko parte izateaz.

Zer garrantzi du atletismoak osasun mentalean eta fisikoan?
Fisikoki zure forma mantentzen duzula, zoriontsuago zaude. Atletismoak askatasuna esan nahi du niretzat. Korrika egitera noanean libre sentitzen naiz eta oso sentsazio politak izaten ditut. Mentalki hobeto egoten laguntzen dizu: zoriontsu zaude, poz handiagoa adierazten duzu eta barrenak husten dituzu. Gauza txarrak edo amorrua ematen dizutenak kanporatu egiten dituzu.

Baduzu erreferenterik atletismoan?
Nire entrenatzailea, Javi Conde, pertsona ezin hobea da eta atleta ikaragarria. Nire gurasoak ez datoz atletismoaren mundutik, baina asko lagundu didate kirol honetan nire bidea egiten. Hiru horiek dira nire erreferenteak. Bestetik, lehiaketa bakoitzean aurkitzen ditudan lehiakideak ere badira nire erreferente. Nire onena ematera behartzen naute lehiaketetan, ahalik eta gorenean egon ahal izateko. Eta zergatik ez, Joko Paralinpikoetan lehiatzeko!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak