→Basauri

Ioritz eta Pablo (Txarraska Gaztetxea): “Norberaren bizitzaren jabe izaten saiatzen gara”

23 urte bete ditu aurten Basauriko Txarraska gaztetxeak; hori dela-eta, hamaika ekintza antolatu dituzte, haien filosofiaren adierazkor direnak.

Alberto, Ioritz eta Pablo Txarraska Gaztetxeko sarreran // Geuria

“Gazteak elkartzeko eta haiek gustuko dituzten ekintzak egiteko etxea edo aretoa, gazteek berek kudeatzen dutena.” Hori da Euskaltzaindiak gaztetxeak definitzeko erabiltzen duen definizioa. Baina eremu sozial hauek hori baino askoz gehiago dira. 23 urte beteko ditu aurten Basauriko Txarraska gaztetxeak. 1997ko gaztetxearekiko ezberdintasunak nabariak dira. Adibidez, jada ez dute begirada gazteengan soilik jartzen, komunitate osoarengan baizik. Ioritz Aramendi (Basauri, 1989) eta Pablo Oliveros (Basauri, 1996) gazte asanbladako kideek argi dute filosofia berri hori. Gauzak horrela, zabalkunde hau argi adierazten duen ekintzez beteriko urteurrena antolatu dute.

Nola definituko zenukete Txarraskaren parte izatea eta zer dakar berarekin?
Ioritz Aramendi: Proiektu sozial, politiko, asanbleario eta autogestionatu baten parte izatea da, horrek dakartzan konpromiso guztiekin; hala nola, asanbladetan parte hartzea edo denon artean erabakiak hartzea. Honi esker, zure bizitzako arlo bat zuk zeuk kudeatu dezakezu zure parekoekin batera. Azken finean, zure bizitzaren jabe izatea da. Beste esparruetan (eskolan, lanean eta abar) ez gara beti gure bizitzaren jabe, eta espazio honetan hori lortzen saiatzen gara.
Pablo Oliveros: Bakoitzaren osasunean onurak dituela esango nuke baita ere. Komunitate baten baitan egoteak osasun mentalean eragin positiboa izan dezake. Gizartean normalean garatzen ez ditugun jarduteko erak gaztetxean topa daitezke. Nire ustez, hori da Txarraskaren parte izatearen atalik interesgarriena.

Zer ekintza eramaten dituzue aurrera zuen egunerokotasunean?
I.A.: Egunerokoan bizitza gehien dutenak dira rokodromoa, skatepark-a, musika lokalak, gimnasioa eta tailer ezberdinak, serigrafia tailerra edo bitxiak egiten ikastekoa, esaterako. Gainera, beste ekintza politikoago batzuk daude. Eskualdeko elkarlaguntza sareak bere espazioa du Txarraskan bertan. Horrez gain, egunerokotasunetik at, kontzertuak edo bakarrizketak bezalako ekitaldiak antolatzen ditugu.
P.O.: Bilbo Handiko zenbait mugimendurekin elkarlanean ekimen asko garatzen ditugu. Izan ere, gure ustez Txarraska ez da Basauriko testuinguruan bakarrik ulertu behar, inguruko herri eta mugimendu sozialekin bat baizik. Gizartean instituzioekin dugun bitartekaritza hurrengoa izaten da orokorrean: zuk eskatu eta haien erantzuna itxaron. Hemen ez. Gauzak zuzeneko era batean egiten saiatzen gara, inoren erantzunaren zain egon beharrik gabe.

Argazkia: Geuria

Zein esango zenukete dela gaztetxeen izateko arrazoia?
I.G.: Hasieran, gaztetxe mugimendua sortzen da gazte euskaldunek uste dutelako espazio bat behar dutela haien bizitzak aurrera eramateko; bai arlo kulturalean, baita arlo politikoan ere. Hori dela-eta, lehenengo okupazioak hasten dira. Halere, egia da gaur egun ‘gaztetxe’ izenak mantentzen diren arren, ez dugula gure burua gazteentzako toki baten modura soilik ikusten. Txarraskan ikasle mugimenduko gazteek zein pentsionistek dute haien lekua.

Esan liteke, beraz, gaztetxea herritar gehiagorengana iristen dela bi hamarkada hauen ostean?
P.O.: Lehen, aisialdira edo musikara zegoen bideratuago. Baina, duela bost urtetik hona inguru, ideia eta ikuspuntu berriak plazaratu izan dira asanbladan. Hortaz, askoz proiektu borobilagoa sortzea lortu dugu. Gizartearen bazterretan daudenei gure ateak zabaldu dizkiegu eta haiekin batera lan egiten saiatzen gara; hala nola, pertsona migratuak edo sexualitate ezberdinak. Jada ez dugu soilik gazteen ardatza.
I.G.: Txarraskan aldaketa oso nabaria izan da. Beste gaztetxeetan bezala, izaera politiko oso konkretua zuten gazteei bideratutako espazioa izatetik, autogestioan eta asanbladan sinisten duen edonorentzako lekua bihurtu da. Askoz proiektu zabalagoa da gaur egun duela 23 urte baino.

Azken aldian gaztetxetik kanpo begiratu nahi duzuela dirudi ekintza ezberdinak eginez. Zergatik?
P.O.: Bizi garen sisteman, eta pandemiarekin argi azaleratu da, beti botearen menpe egin behar da lan. Guk uste dugu, autogestioak testuinguru horretan asko lagundu dezakeela. Baina ez bakarrik gaztetxea bezala; ortuetan, umeekin (eta haien artean) dugun harremanean, heziketan edota bizikidetzan gune sozial batek, kasu honetan Txarraskak, asko lagundu dezake. Lehen kartzela baten moduan planteatzen ziren gaztetxeak: autogestioa lau hormen barruan egiten zen, kanpora irten gabe. Guk planteamendu hori apurtzea proposatzen dugu.
I.A.: Guretzat Txarrraska ez da soilik gazteen aisialdia antolatzeko leku bat. Beti egon da eztabaida ea gaztetxea helburua izan behar den edo tresna. Nire ustez, azken urteotan argi geratu da tresna bat izan behar dela: herrian edo inguruan dauden proiektu sozialei lekua eskaintzen dien tresna, hain zuzen.

Argazkia: Geuria

Gaztetxea lanabes bihurtzeko, zer ekintza eramaten dituzue aurrera?
P.O.: 2019ko greba oso adibide argia da. Guk lan gogorra egin genuen ez bakarrik gaztetxearen barruan, baizik eta herriko aktore ezberdinekin batzen, grebak eragin soziala izan zezan. Tubacexeko greban, adibidez, langileei lekua eskaini zitzaien eraikinean behar izanez gero.
Gaztetxea bera lanabesa izateaz gain, barnean tresnak ditugu baita ere. Tresna hauek gure ekintzen balioa handitzen dute, eraginkorragoak bihurtuz. Hau da, gure helburua da gai eta ekintza sozial ezberdinak indartzea.
I.A.: Hortaz gain, azken urteetan bai Basauriko eta bai auzo ezberdinetako jaietan parte hartu dugu ekintza kultural ezberdinak antolatuz edo txosnak jarriz. Gainera, Hego Uribeko eta Bilbo Handiko ekimen gehienetan parte hartzen saiatzen gara.

Txarrastxiki ekimena ere baduzue.
I.A.: Guk gaztetxea ulertzeko dugun eran, gizarte osoarentzako espazio bat izan behar du. Hortaz, haurrek haien lekua izan behar dute bertan. Hain ibilbide luzeak ahalbidetzen du orain Txarrastxikin dauden umeen gurasoak garai batean Txarraskako gazte asanbladan egon zirenak izatea. Pertsona batentzat antzina bera parte zen ekimen batean haien seme-alabak disfrutatzen ikustea oso hunkigarria da.
P.O.: Hogei urteko gazte bat zarenean, dituzun arazoak oso ezberdinak dira 30 urteko guraso batek eduki ditzakeenekin alderatuta. Lan munduak askotan arazoak sortzen ditu umeak zaintzeko orduan. Gure ustez, era komunitarioan topa dakieke konponbidea arazo horiei, beste heziketa mota batzuk garatuz. Azkenean, gaztetxearen irakurketa ezberdin honetan lekua egin behar diegu gizartean sortzen diren beharrei.
I.A.: Azkeneko greba orokorrean argi ikusi genuen langile askok arazoak zituztela haien seme-alaben zaintza zela-eta. Horregatik, Txarraskan erabaki zen espazio bat ahalbidetzea, gurasoak manifestazioan zeuden bitartean haurrak zaintzapean egon zitezen.

Zergatik da garrantzitsua urteurrena bezalako ekitaldi handiak antolatzea?
I.A.: Guretzat urteurrena garrantzi handia duen ekitaldia da; izan ere, Txarraska agenda mediatikoaren barruan sartzea ahalbidetzen digu. Urte osoan zehar ekimen solteak garatzen ditugu, baina horrelako gauza potente bat antolatzeak eta aurrera eramateak lan handia du bere atzetik. Baina balio du jendeak gure berri izateko. Hortaz merezi du, zalantzarik gabe.
Gainera, oso pozgarria da 23 urtez gaztetxea mantendu ahal izatea. Jakina denez, askotan horrelako proiektuek arazoak topatzen dituzte instituzioen aldetik. Beraz, oso polita da 23 urte bete ahal izatea.

Uste duzue estigmarik badagoela gaztetxearekiko?
I.A.: Egon badaude, baina esango nuke azken urteetan murriztu egin direla. Hainbat dinamikari esker gaztetxea herrira zabaltzen joan denez, herriak informazio gehiago izan du eta Txarraska hobeto eta era positiboagoan ezagutu du. Gainera, 23 urtetan jende asko pasa da gaztetxetik.
P.O.: Badakigu dena ez dela bikain egin; batez ere mantentze-lana, bereziki aurrealdea. Horrek Txarraskaren irudia desitxuratzen du. Norbait lehen aldiz datorrenean zur eta lur gelditzen da. Izan ere, barrutik kanpotik baino askoz txukunago dago.

Argazkia: Geuria

Etorkizunari begira, zer daukazue buruan?
P.O.: Azken urteetan aurrera eraman dugun dinamikarekin jarraitzea, Txarraska geroz eta proiektu zabalagoa bihurtzeko xedearekin. Gaztetxeaz harago doazen proiektuak aurrera eramatea gustatuko litzaiguke. Azkenean, guk gure etorkizuna zalantzan dugu beti. Izan ere, metroaren obra berriekin agian eraikina behera bota beharko da. Pena izango litzateke, inurri lan asko baitago hemen.
I.A.: Gure etorkizuna baino, eraikinaren etorkizuna da zalantzan dagoena. Baina, guk eraikina lanabes bezala ulertzen dugu; hortaz, hemen bada edo beste leku batean bada Txarraskarekin jarraituko dugu urte luzez, ez baitugu proiektua soilik eraikinari loturik ulertzen. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait jakitea Txarraskako gazte asanbladak akordio bat duela sinaturik Udalarekin esanez eraikin hau erabil dezakegula. Berez, Basauriko Udalak eraikina zerbaiterako behar izanez gero, konpromisoa hartzen du beste eraikin bat eskaintzeko.

Nola azalduko zeniokete gaztetxean inoiz egon ez den norbaiti nolakoa den bertako parte izatea?
I.A.: Gaztetxearen oinarria autogestioa eta asanblada dira. Guk erabakitzen dugu zer egin eta nola eraman aurrera, inoren laguntzarik gabe. Hala ere, azaldu baino, uste dut hobea dela bertaratzea eta haiek ikustea zer egiten dugun. Edonork ditu Txarraskako ateak zabalik etorri eta ezagutzeko.
P.O.: Zure egunerokotasunean erabilgarriak izan daitezkeen gauzak ikasteko lekua da hau. Zure ingurukoekin harremanak eraikitzeko tresnak ikas daitezke, edo entxufe bat nola jartzen den.
I.A.: Guztiz ados, horrelako proiektu batean parte hartzeak gauzak era ezberdin batera ikastea dakar. Eskolan eta lanean beti dago norbait ordutegiak eta gauzak egiteko erak ezartzen dizkizuna. Hemen aukera dago era kolektibo batean zure bizitzarekin zer egin nahi duzun erabakitzeko. Guztiz aberasgarria da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak