→Basauri

Txerra Martinez eta Oskar Abad herrikideei babesa adierazteko manifestazioa, Basaurin

Irailaren 8an, 9an eta 10ean Txerra Martinez eta Oskar Abad basauriarrak epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, duela 30 urte Galdakaon gertatutako atentatu batengatik. Zentzu horretan, Martinezi eta Abadi elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute Basaurin irailaren 5ean, “Bakea eta demokrazia. Erasorik ez” lemapean.

“Epaitegietara berriro joatea gogorra izango da. Nik hamazortzi urte eman nituen kartzelan eta nire zigorra guztiz bete nuen. 2009tik bizitza normala neraman, kalean, eta orain berriro kasua azaleratzeak erabat nahasi gaitu”, dio Txerra Martinezek: Beti aurkeztu gara zitazio guztietara eta aske gaude kondena bete ondoren”. Martinez 1991n atxilotu zuten Txalaparta taldeko kide izateagatik eta 2009an aske geratu zen. Oskar Abadek 21 urte eman zituen kartzelan, 1991etik 2012ra.

Bizikidetzaren alde eta “mendekuan” oinarritutako epaiketen aurka mobilizatzeko deia egin zuen Sortuk: “Estatu-aparatuarentzat bi basauriarrek espetxean egindako urteak ez dira aski, eta duela 30 urteko beste kausa batengatik epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. Estatu-aparatuek bakeari eta bizikidetzari ekarpena egiteko urratsa egin beharrean, mendekuan oinarritutako salbuespenezko justizia aplikatzen jarraitzearekin tematu dira”, diote Sortutik: “Berresten dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua dela, eta ez errepresioan tematzekoa”.

Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. 1973ko Zigor Kodearen arabera epaituko dituzte, egitateak gertatu zirenean kode hori baitzegoen indarrean. Zehazki, 1990ko urtarrilaren 30ean Galdakaon gertatutako atentatu batean parte hartzeagatik auzipetu dituzte. Atentatu horretan Jose Ignacio Perez Alvarez polizia nazionala hil zen, Basauriko komisaldegiko Automobilgintza Zerbitzuko kidea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak