→Basauri

Udal ortu ekologikoak sortzeko proiektua onetsi du aho batez Basauriko udalbatzak

Oraindik ez dute zehaztu non egongo diren udal ortuak, aurretik udal ordenantza egin behar dutelako. Eta horretarako prozesu parte hartzailea abiaraziko du Udalak.

Hego Uribe eskualden hiri-ortuak daude, besteak beste, Arrigorriagan eta Galdakaon // Iskandar Hamawy

Udal hiri-ortu ekologikoak sortuko dituzte Basaurin. Hala onartu dute gaurko osoko bilkuran aho batez udaltalde guztien aldeko botoekin. Oraindik ez dute zehaztu non egongo diren udal ortuak, aurretik udal ordenantza egin behar dutelako: “Hiri-ortu ekologikoak sortzeko proiektua onetsi eta gero, udal ordenantza bat egingo dugu, horrelako baratzeak jartzeko eta norbanakoek zein elkarteek berauek erabiltzeko bete beharreko baldintzak finkatzeko”, diote udal ordezkariek. Gainera, ordenantza egin aurretik prozesu parte hartzailea abiaraziko du Udalak, herritarren, elkarteen eta taldeen ekarpenak jasotzeko.

Hiri-ortuak jartzeko aukera ematen duten udal lurzatiei buruzko azterlana egingo du Udalak aurten, zenbait faktore aintzat hartuta: partzelak herriguneetatik hurbil egotea, narriatutako eremuak leheneratzea edota irisgarritasuna. Udalak ez badauka jabetzan aipatutako jarduera aurrera eramateko aukera ematen duen lurzatirik, zeregin hori bete dezaketen partzela pribatuei buruzko txostena egingo du. “Behin txosten hori izanda, lurzati partikularrak erosteko beharrezko inbertsioa kuantifikatuko genuke. Eta baten bat erostea bideragarria bada, teknikoki eta ekonomikoki, hiri-ortuen proiektua Udalaren lehentasunezko ekintzen artean sartuko dugu, udalerriko gainerako beharrizan eta premiekin batera”, diote udal ordezkariek.

EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen apirileko osoko bilkura baino lehen hiri-ortuak Basaurin sortzeko, eta EAJrekin, PSErekin eta Elkarrekin Podemosekin batera testu bateratua egin dute. PPk ere testua babestu du, nahiz eta alderdi popularrarentzako “lehentasuna” ez izan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak