→Basauri

Ikastetxeetan sor daitezkeen beharrizanetarako 38 udal-instalazio eskaini ditu Basauriko Udalak

Ikasleak birkokatu behar izanez gero, Basauriko Udalak 38 udal-instalazio eskaini ditu ikastetxeek erabiltzeko. Hezkuntza Sailak erabakiko du ikastetxe bakoitzak horietako zein gune erabil dezakeen.

Besteak beste, Basozelai eta Kaleroko Gizarte Etxeetako zenbait lokal eskaini ditu Udalak // Argazkia: Geuria

Ikastetxeetan sor daitezkeen beharrizanetarako 38 udal-instalazio eskaini ditu Basauriko Udalak. Besteak beste, Bizkotxalde ikastetxeko haurtzaindegi zaharra (Lehendakari Agirre), Autonomia kaleko BBKko haurtzaindegi zaharra, Basozelai eta Kaleroko Gizarte Etxeetako zenbait lokal, Ibaiganeko Kultur Etxea, Arizko Dorretxea, Taberna Nagusia eta Artunduagako kiroldegia, Jubilatuen Etxeak edo Pozokoetxeko antzinako parbularioa eskaini dizkie Udalak ikastetxeei.

EUDELek Udalen lankidetza eskatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari udal-espazioak lagatzeko, “pandemiak eskatzen dituen osasun-baldintzak betetzeko ikasleak birkokatu behar izanez gero”, diote Udaletik. Gauzak horrela, Basauriko Udalak 38 udal-instalazio eskaini ditu: “Etorkizunean beharrezkoa balitz, beste espazio gehiago lagatzea baloratuko genuke”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Basauriko Udala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta udalerriko ikastetxeekin koordinatuta ari da lanean antzemandako beharrei erantzuteko: “Udalak zerrenda bat bidali du eskuragarri dauden 38 gunerekin, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabakiko du ikastetxe bakoitzak horietako zein gune erabil dezakeen”, dio Iragorrik. Ildo horretan, ikastetxeen eskaerak Hezkuntza Sailari bidaliko dizkio Basauriko Udalak.

Eskualdean Galdakao izan zen lehen udalerria udal-instalazioak ikastetxeei eskaintzen. Ikasturtea hasi aurretik, abuztuaren 25ean eman zuen Galdakaoko Udalak horren berri.

Kirol-instalazioak eskaini dizkie Galdakaoko Udalak ikastetxeei ikasturte berrirako

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak