→Basauri

Basauriko Udalaren webgunea berrituko dute, “herritarrek udal informazioa azkarrago eskuratzeko”

Basauriko Udaleko webgunea berritzeko 140.000 euroko aurrekontu-partida onetsiko du gaurko osoko bilkuran.

Udal webgunea berritzeko 140.000 euroko aurrekontu-partida onetsiko du gaurko osoko bilkuran // Geuria

Udal webgunea berrituko du Basauriko Udalak. Plataforma teknologiko berri bat garatuko dute, eta udal webgunearen edukien egitura eta diseinua berrituko dute, “basauriarrek udal informazioa errazago, azkarrago eta modu intuitiboagoan eskuratu ahal izateko”, dio Jon Zugazagoitia Informazio Teknologietako zinegotziak. Udal webgunea berritzeko 140.000 euroko aurrekontu-partida onetsiko du gaurko osoko bilkuran.

Gaur egungo udal webguneak 15 urte baino gehiago ditu: “Oinarri duen plataformak ez ditu jasotzen gaur egun ezinbestekoak diren funtzionalitate batzuk, hala nola, bilaketak, eta ez dauka tresnarik webgunea Interneten posizionatzeko”, dio Zugazagoitiak: “Eta, bide batez, aukera baliatuko dugu plataforma berriak, besteak beste, edukien kudeaketa automatizatzea ahalbidetzeko, eta kanpoko datu-iturriak barruko datuekin uztartzeko”.

Horrez gain, webgune berriak edozein edukiren ikuspegi globala emango du, eta bisitariei informazio osagarria emango die, bilatu duten edukia aintzat hartuta. Webgune berriaren beste funtzionalitateetako bat izango da edozein edukitarako bilatzaileetan posizionatuko dela, SEO tresnen bitartez.  Era berean, ahalbidetuko du hirugarrenen modulu eta tresnak garatzea, “zeinek, behar izanez gero, aukera emango duen webgunearen diseinuaren konfigurazioa aldatzeko, kudeatzailea berriro programatzeko beharrik gabe”, dio.

“Udal kudeaketa gureganatu genuenetik ikusi genuen webgunea berritzeko beharra. Proiektu hori beti izan dugu gogoan, baina, baldintzatzaile ekonomikoa tarteko, orain arte ezin izan dugu aurrera eraman”, dio Zugazagoitiak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak