→Basauri

Udal webgunea berritzeko 140.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

Lizitazio prozesua zabalik dago ekainaren 17ra arte // Geuria

Udal webgunea berritzeko eta intranet berria sortzeko prozesua hasi du Basauriko Udalak. Eskuragarriagoa, errazagoa eta intuitiboagoa bihurtuko dute udal webgunea, “erabiltzaileek ahalik eta denborarik laburrenean aurki dezaten bilaka ari diren informazioa”, dio Jon Zugazagoitia Teknologia Berrien arloko zinegotziak. Udal webgunea berritzeko aurrekontua 140.000 eurokoa da, eta enpresek eskaintzak aurkezteko epea zabalik dute ekainaren 17ra arte.

Enpresa esleipendunak udal-webgune korporatiboa eta udal-intraneta diseinatu beharko du, baita hura garatu eta martxan jartzea ere. “Adjudikaziodunaren zereginen artean egongo da web plataforma bat sortzea, Basauriko Udalaren eta haren mendeko erakunde autonomoen atariak, webguneak eta webgune “bertikalak” kudeatzeko. Gainera, atari berri bat sortu beharko du, diseinu eta funtzionalitate modernoekin, kontuan hartuz bereziki gailu mugikorretatik konektatzeko aukera, erabilitako sistema eragilea edo nabigatzailea gorabehera”, dio Zugazagoitiak. Besteak beste, Basauriko Udalaren Estilo Gida Elektronikoa ere sortu beharko du enpresa esleipendunak.

Udal webgune berriak gardentasun, aurrekontu parte-hartzaile eta herritarren partaidetzarako atari bat izango du. Era berean, beste helburuetako bat izango da hobetzea herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, “teknologia berrien erabilera eta erabilgarritasuna sustatuta”. “Alde horretatik, plataforma berriak gai izan beharko du jardunbide egokiak aplikatzeko web posizionamenduaren alorrean (SEO), eta sare sozialetako plataformak integratzeko, informazioa partekatu eta argitaratze aldera”, dio Zugazagoitiak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak