→Basauri

Basauriko Udalekuetan izena emateko epea zabalduko dute apirilaren 28an

Osasun egoerak ahalbidetzen badu, udalekuak izango dira uztailean Basaurin. Aurreko urteetan bezala, ez da plazen zozketarik egingo eta udalekuetarako eskaera guztiak onartuko dituzte, Basaurin erroldatuta dauden 2009. eta 2017. urteen artean jaiotako haurrentzat.

Udalekuak bi txandatan banatuko dira: uztailaren 1etik 14ra eta 15etik 28ra. Hiru udaleku-modalitate egongo dira: egun erdikoa (09:30etik 13:30era, hamaiketakorik gabe), egun osokoa (09:00etatik 15:00etara, hamaiketakoa barne) eta kiroletakoa (09:00etatik 15:00etara, hamaiketakoa barne). Jantoki zerbitzurik ez dute eskainiko, covid-a ez hedatzeko neurri bezala. Hori dela eta, egun osoko udalekuetan parte hartzen duten umeak 9:00etatik 15:00etara begiraleekin egongo dira, hamaiketako bat jango dute eta ez dute bazkaltzeko aukerarik izango handik atera arte.

Lekuei dagokienez, Bizkotxalde eta Sofia Taramona ikastetxeetan eta Basozelai Gizarte Etxean egun erdiko udalekuak izango dira, eta egun osoko udalekuak, Bizkotxalden (hiru leku), Etxegarain, Soloarten eta Sofia Taramonan. Kirol udalekuei dagokienez, Basozelai-Gaztelu (2009-2011 urte bitarteetan jaiotakoentzat) eta Etxegarai (2012-2014 urte bitarteetan jaiotakoentzat) ikastetxeetan izango dira. “Dena dela, Udalaren Kultura Politika eta Euskara Arloak toki kopurua banatu edo egokitu ahalko du, izen-emateen osteko egoerara moldatzeko. Era berean, programa garatzeko proposatutako tokiak ere aldatu ahalko dira, Udalaren beste lokal edo toki batzuetara”, diote udal ordezkariek.

Izena emateko epea apirilaren 28tik maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik eta Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egingo da. “Salbuespenez, izena-ematea modu horretan egiteko baliabide elektronikoak ez dituztenek, HAZen bulegora etorrita eman dezekete izena: udaletxeko beheko solairuko bulegoan (09:00-19:30) edo Pagasarri kaleko bulegoan (09:00-14:00)”, diote. Salbuespeneko kasu horietan aurretiazko hitzordua eskatu beharko dute interesdunek 944 666 300 telefono zenbakira deituta edo udaletxeko beheko solairuko HAZ bulegoan dagoen txartel-makinaren bitartez.

Onartutakoen behin-behineko zerrenda maiatzaren 19an argitaratuko dute udal webgunean eta Basauriko eta San Migeleko HAZ bulegoetan. Maiatzaren 21era arte interesdunek erreklamazioak eta aldaketak egin ditzakete, eta ekainaren 4an behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte.

prezioak

Prezioei dagokienez, hauek dira Udalak ezarri dituen prezio publikoak, txanda bakoitzeko:

Egun erdiko udalekuakEgun osoko udalekuakKirol udalekuak
1. seme-alaba51 €87 €110 €
2. seme-alaba39 €65 €80 €
3. seme-alaba32 €52 €65 €
4. seme-alaba eta ostekoak28 €42 €51 €
DSBE6 €10 €13 €
GLL5 €5 €5 €
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak