→Basauri

Ondarearen kontrako delituen kopuruak gora egin zuen iaz Basaurin

Basauriko Udaltzaingoak 18.240 esku-hartze egin zituen iaz herrian, aurreko urtean baino 5.350 gehiago (% 41,5 gehiago).

Trafikoaren alorreko arau-hausteak % 34 jaitsi ziren iaz // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko Udaltzaingoak 2020ko memoria argitaratu du. Iaz guztira 18.240 esku-hartze egin zituzten udaltzainek herrian, aurreko urtean baino 5.350 gehiago (% 41,5 gehiago). “2020a Covid-19a eta murrizketak baldintzatutako urtea izan arren, Basauriko Udaltzaingoaren esku-hartzeek % 41,5 gora egin zuten: 2019an 12.890 esku-hartze izan ziren, eta iaz 18.240″, diote udal ordezkariek. Besteak beste, kaleko patrulatzeari buruzko datuak, zaintza prebentiboari buruzkoak, babes-ekintzei buruzkoak, trafiko arau-hausteei buruzkoak, delituei buruzkoak edota salaketei buruzkoak publiko egin dituzte.

Udal ordenantzak betetzea kontrolatzeko 1.602 esku-hartze egin zituzten iaz Basauriko udaltzainek: “Besteak beste, 753 zaratei lotutako gorabeherengatik, 552 animaliekin izandako gorabeherengatik, eta 188 partikularren arteko eztabaidengatik”, diote udal ordezkariek. Era berean, dendetan, enpresetan edota adinekoei lapurtzea ekiditeko 3.151 zaintza prebentibo egin zituen Udaltzaingoak, eta 2.411 babes-ekintza burutu zituzten: “Esaterako, 729 segurtasun-kontrol egin zituzten 2020an”, diote. Horrez gain, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzen ari ziren pertsona gehiago detektatu ahal izan zituzten udaltzainek 2020an: “Antzemandako gidari mozkorren kopurua bikoiztu baino gehiago egin zen”, diote. Hain zuzen ere, 2019an 9 izan ziren antzemandako gidari mozkorrak, eta 2020an 23.  

“Trafikoaren alorreko arau-hausteak, aldiz, % 34 jaitsi ziren: 2019an 2.298 izan ziren, eta 2020an, ostera, 1.515″, diote udal arduradunek. Trafikoari lotuta, istripu larrien kopurua nabarmen murriztu dela jakinarazi du Udaltzaingoak: “Iaz ez zen hildakorik egon Basaurin trafiko-istripuengatik. Alarma-egoeraren ondorioz mugikortasuna mugatu zutenez, murrizketa gehien egondako hiletan, % 41,46 jaitsi ziren zaurituak izandako istripuen kopuruak: 2019an 41 eta 2020an 24″.

Delituei dagokienez, 2019an eta 2020an kopurua antzekoa izan dela diote. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean 1.558 delitu hauteman zituzten 2019an, eta 1.647 delitu 2020an. “Bestalde, erasoek behera egin zuten % 38: 2019an 158 izan ziren, eta 2020an 97. Eta etxeetako lapurretek ere behera egin zuten: 2019an 25 izan ziren, eta iaz 16″, diote. Aldiz, ondarearen kontrako delituen kopuruak gora egin zuela adierazi dute udal ordezkariek: 2019an 1.126 izan ziren, eta 2020an 1.242.

Patruilatzea % 116 hazi

Kalean oinez egindako patruilatzea % 116 areagotu zela adierazi du Basauriko Udaltzaingoak: “2019an trafikoa zaintzeko oinezko 136 patruila egon ziren, eta 2020an, aldiz, 295. Horiei gehitu behar zaizkie kaleak oinez patruilatzen dituzten udaltzainak, herritarrak babesteko eta delituak ekiditeko, zeinak proportzio berean hazi baitziren: iaz 442 zaintza egin zituen Udaltzaingoak”, diote. Halaber, udaltzainek artatutako telefono-deien kopuruak ere gora egin zuela diote. Zehazki % 70 igo da: 2019an 26.655 dei artatu zituzten eta iaz 45.387. “Horrek erakusten du basauriarrek konfiantza dutela tokiko segurtasunarengan, bereziki, guztiontzat hain zailak izan diren garaietan zehar”, diote. 

“Laburbilduz, esan daiteke pandemiak eta murrizketek erabat baldintzatutako 2020an zehar, Udaltzaingoak jarduera etengabea izan zuela: 2.000 zaintza espezifiko baino gehiago egin zituzten, bereziki, kontrolak errepideetan eta oinezkoen gune jendetsuetan, zeinen ondorioz murrizketak ez betetzeagatiko 743 salaketa egon baitziren —227, alarma-egoera garaiko etxealdia ez errespetatzearren; eta 146, berriz, maskara ez erabiltzeagatik—”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak