→Basauri

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-lanak indartuko dituzte Basaurin datozen egunetan

Hurrengo egunotan, eta San Fausto eguna hurbiltzen ari den egunotan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak “etengabe” egongo direla diote Basauriko udal ordezkariek.

Artxiboko irudia // Geuria

Hurrengo egunotan, eta San Fausto eguna hurbiltzen ari den egunotan, Udaltzaigoaren eta Ertzaintzaren prebentzio-lanak indartuko ditu Basauriko Udalak: “Bertan behera geratu da osasun-larrialdi egoera Euskadin, eta murrizketa ia-ia guztiak desaktibatuta daude. Gauzak horrela, datozen egunetan sanfaustoak ospatuko ziratekeela eta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak fokua jarriko dute sor daitezkeen jende-pilaketak prebenitzen. Saiatuko dira horiek ekiditen berauek sortu aurretik, eta, horrela, gero ez dituzte desegin beharko”, diote udal ordezkariek.

San Migelen gertatu bezala, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak “etengabe” egongo direla azpimarratu dute udal arduradunek, “batez ere, jende-pilaketak sortu ohi diren eremuetan”. Gainera, ibilgailu gidariei alkoholemia-kontrolak “ausaz” egingo dizkietela adierazi dute.

Ostalariekin bilera

San Migeleko ostalariekin aurrera eramandako lankidetza “oso ondo” joan zela ikusita, “eta normaltasuna mantentzen lagundu zuela ikusita”, udaltzain eta ertzainak Basauriko ostalaritza-establezimenduetako arduradunekin bildu dira, gomendatzeko terrazetako altzariak batu ditzatela eta gogorarazteko ixte-ordutegiak bete behar dituztela. “Polizia-kidego biek eskerrak ematen dizkiete ostalariei eta Herriko Taldeaki, bizikidetzaren eta herritaren segurtasunaren alde agertu duten jarreragatik”, diote.

Ildo horretan, Basauriko Udalak eta Ostalaritza Erresistentzia Basaurik, “erantzukizunaren, elkartasunaren eta bizikidetzaren aldeko deia” egin dute: “Guztiok daukagu beharra alaitasuna berreskuratzeko eta lagun artean egoteko. Bada, egin dezagun, baina zuhurtziaz eta zentzuz jokatuta; bizikidetza, pertsonen integritatea edota ondare publiko edo pribatua arriskuan jartzen duten jende-pilaketetan edo gizalegearen kontrako bestelako egoeretan parte hartu gabe”, diote.

“Basauriarrok ohituta gaude sozializatzera, herria kalean eta parkeetan, taberna eta jatetxeetan bizitzera. Baina arduratsuak, solidarioak eta zentzudunak ere bagara. Egun hauetan, aukera dugu, berriro ere, erakusteko guretzat bateragarriak direla kultura-jarduerez eta gure ostalaritza-eskaintza zabalaz gozatzea, eta arduraz eta zuhurtziaz jokatzea”, diote: “Gu guztion artean, Basauri handi egiten dugu. Eskerrik asko!”.

Basauriko ostalariek “erantzukizunaren, elkartasunaren eta bizikidetzaren aldeko deia” egin dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak