→Basauri

Unai Medina: “Etxegarai sasoiko eskolen arteko pikeak oroitzen ditut”

Numantzia utzi eta Gijongo Sportingen ari da basauriarra. Bigarren mailan izango da datozen bi urtetan. Bost jardunaldi jokatuta, hamargarren dira sailkapenean.

Unai Medina, Sportingekin izandako aurkezpen ofizaiala / Argazkia: Sporting. P. Albala

Etxegarai ikastetxeko futbol taldean hasi zen Unai Medina (Basauri, 1990) futbolean jokatzen eta ordutik ez da gelditu. Gaur egun, bigarren mailako Gijongo Sporting taldean jokatzen du atzelari basauriarrak eta bertan emango ditu datozen bi denboraldiak. Lezaman hezia, Basconia, Bilbao Athletic, Barakaldo, Alaves eta Numantzia taldeetatik pasa ondoren iritsi da Sportingera Medina. Hirugarren, bigarren B eta bigarren mailetan jokatu du Medinak eta gaur egunera arte 290 partidu jokatu ditu eta 14 gol sartu ditu basauriarrak, horietako bat Numantzia lehenengo mailara igotzeko playoffetara eraman zuena.

Denboraldi berria, talde berria.
Bai, aurten Gijongo Sporting taldearekin sinatu dut bi denboralditarako (hirugarren bat sinatzeko aukerarekin) eta oso gogotsu nago. Ongi egokitu naiz bai taldera bai hirira. Taldeak ere gogoz hasi du denboraldia, eta dagoeneko lanean ari gara taldea gorenera eramateko.

Barakaldon egin zenuen denboraldiagatik (besteak beste, bost gol egin zenituen) fitxatu zintuen Alavesek, 2. mailan jokatzeko. Zelangoa izan zen saltoa?
Bigarren B mailatik 2. mailara arteko saltoa nabaria da. Jokalariak egokitu behar du nahi eta nahi ez. Maila baten eta bestearen artean desberdintasun asko daude. Barakaldon denboraldi borobila egin nuela esan daiteke bai, eta horri esker Alavesek nigan arreta jarri eta 2. mailan jokatzeko aukera eman zidan.

Maila batean edo bestean jokatzea desberdina dela aipatu duzu.
Hala da. Oso desberdina da 3. mailan jokatzea (Basconia), 2.B mailan jokatzea (Bilbao Athletic, Barakaldo) eta 2. mailan jokatzea (Alaves, Numantzia, Sporting). Mailaz maila zoazen neurrian, erritmoa handiagoa da. Kalitatea ere askoz handiagoa da maila batetik bestera. Bigarren mailan, esaterako, normala denez, taldeak askoz ere profesionalagoak dira eta lehiatzerako orduan izan ditzakezun zailtasunak nabaritzen dira.

Zelan definituko zenuke zure burua jokalari bezala?
Alboko atzelari nahiko erasotzailea naizela uste dut. Indartsua eta ibilbide luzea duena. Denboraren poderioz, defentsiboki hobetu dudala esan dezaket, baina oraindik hobetzen jarraitu nahi dut. Nire onen-onena emateko oraindik asko daukat hobetzeko.

Zure ibilbidean momentu onak eta ez hain onak biziko zenituen.
Bai. Beste edozein lanbidetan bezala, futbolean ere momentu onak zein txarrak bizi ditzakezu. Zoritxarrez nire kasuan, lesioengatik momentu latz asko pasa ditut, baina esan ohi denez, denetik ikasten da. Lesioek buruz indartsuago izatera behartzen zaituzte. Momentu onen artean daude, adibidez, benetan lagun dei ditzakedan adiskideak bidean topatzea, eta nabarmenduko nukeen beste momentu on bat litzateke Numantziarekin playoff-etara heldu ginenekoa. Ligako azken partiduan nik egindako gol batengatik sartu ginen playoff-etara! Inoiz ahaztuko ez ditudan uneak dira.

Hain zuzen, 2017/2018 denboraldiaren bukaeran mailaz igotzeko zorian izan zen Numantzia.
Bai. Denboraldi oso ona izan zen talde guztiarentzat. Denboraldi bikaina egin genuen eta lehenengo mailara igotzeko zorian egon ginen. Azkenengo txandan Valladolidek irabazi izan ez baligu…

Argazkia: Sporting

Sorian lau denboraldi eman zenituen eta urte horietan guztietan bi euskal entrenatzaile izan dituzu: Jagoba Arrasate eta Aritz Lopez Garai basauriarra.
Hala da. Egia esan, jokatu dudan talde guztietan izan ditut lankide euskaldunak. Zorionez Numantzian txapela kentzeko moduko bi entrenatzaile izan nituen. Begira orain non dagoen Jagoba, lehen mailan Osasunaren gidari. Eta, zer esan Aritzen inguruan! Duela gutxi hasi da entrenatzaile lanetan, baina urtez urte hazten doa eta seguru nago ibilbide oparoa izango duela entrenatzaile bezala.

Zelangoa da Lopez Garairekin duzun harremana?
Biak gara Basaurikoak. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Kategoria berean jokatu izan dugu, gainera. Gabonetan askotan egiten dugu topo herrian eta hitz egiteko tartea aurkitzen dugu beti. Gu bion arteko harremana oso ona da. Egia da Numantzian elkarrekin egon ginen aldian harremana bestelakoa izan zela: nire entrenatzailea zen eta nik horregatik, zuen karguagatik, errespetatu egiten nuen. Harreman profesionala zen, baina orain kirol eremuetatik kanpo, harremana pertsonalagoa da, hurbilagoa.

Numantzian beste basauriar batekin ere bat egin zenuten biok: Cristian Ganea.
Bai. Ezohiko egoera zirudien: Basauriko hiru herritar batera talde berean, non eta Sorian! Cristianekin dudan harremana ere oso ona da. Pertsona ona da eta zorterik onena opa diot. Athleticen minutuak izango dituela espero dut. Merezi du egiten duen lanagatik.

Egia esateko, Basauri askotan agertu da futbol munduan: Piru Gainza, Oscar Vales, Yeste, Lopez Garai, Joseba Garmendia, Ganea, Medina… Zergatik izango ote da?
Ez dago inolako zalantzarik: harrobi ona dago Basaurin! Hainbat futbol talde daude herrian eta hazten ari diren jokalari oso onak ere bai. Espero dut datozen urteotan herriko beste futbolari asko agertzea.

Noiz hasi zinen baloiari ostikoka?
Bada, txikitatik izan dut oso gustuko futbola eta ikastetxean hasi nintzen benetan jokatzen, Etxegaraiko futbol taldean. Lehen Eskola Kirola oraingoarekin alderatuta ezberdina zen. Ikastetxeko taldean jokatzen genuen eta gero etorriko ziren gerokoak. Etxegarain futbolean jokatzen nuen garaietatik gogoratzen dut oso ondo pasatzen genuela. Umea zarenean hori da benetan garrantzitsuena: edozein kirol praktikatuz ondo pasatzea. Lehiatzeko gero egongo dira aukerak. Hori bai, ikastetxeen arteko pikeak eta lehiakortasun puntu hori beti zegoen! (kar, kar, kar).

Egun Futbol Eskola dago Basaurin.
Bai. Kanpotik baino ez dut ezagutzen, baina uste dut umeen formaziorako ondo datorrela. Futbol Eskola bat herrian izateak lagundu egiten du futbolean ondo jokatzen ikasten, eta hori bertan dauden entrenatzaileei esker da.

Futbolari batek noiztik izaten du normalean agente bat?
Nire kasuan 17 urterekin hasi nintzen agentearekin, baina badakit gaur egun oso gaztetatik, 14 urtetik aurrera, dutela agentea batzuek. Normalean agentea bera jartzen da zurekin edo zure gurasoekin harremanetan, eta gero zuk erabakitzen duzu nor aukeratu. Zure ibilbidean lagunduko dizun norbait aukeratu behar duzu, konfiantzazko bat.

Zer esango zenioke futbolean hasten ari den ume bati?
Ume bati beti eman behar zaio gomendio bera: garrantzitsuena ondo pasatzea dela. Gustuko duenaz disfrutatu behar du hasieran, eta gero pixkana-pixkanaka ikasten joan, entrenatzailearen gomendioak jarraituta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak