→Basauri

Basauriko Urbi Institutua hasi da berriro Europako ekintzekin

Urbi Institutuak Estrasburgoko Parlamentua bisitatu zuen ikasturte hasieran Erasmus+ proiektuaren barnean, eta urrian Lituaniakoa.

Urbi Institutuko ikasle eta irakasleak Lituanian izan berri dira // Urbi Institutua

Urbi institutua +Participatory Democracy, +Active Citizenship Erasmus+ proiektua garatzen hasi zen duela bi urte nazioarteko ni ikastetxerekin batera: Portugaleko Vila Nova de Famalicão Camilo Castelo Branco eta Lituaniako Šiauliai hiriko Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin, alegia.

Covid-19a dela eta, azkenengo urte eta erdian ezin izan ditugu aurrez aurreko topaketak burutu, baina ikasturte honetan berriz hasi da Urbi ekintzak egiten. 2021-22 ikasturtean lau topaketa izango dira, orain arte bi egin dira, bata Frantziako Estrasburgora eta bestea Lituaniara.

Irailaren 27tik urriaren 2ra Urbi Institutuko ikasle eta irakasleok Estrasburgora bidaia egin genuen, eta jarduera hauek egin genituen: Europako Parlamentua, Alsazia-Lorena Museoa, Strutoff kontzentrazio zelaia, eta hiria bera bisitatu; nazioarteko ikasleen lan kolaboratiboa egin (Europar Batasuna, erakundeak, hiritartasun, etabarrekoen inguruan) eta proiektuko helburuak (Demokrazia parte-hartzailea eta herritartasun aktiboa bultzatzekoak) betetzeko behar diren bezainbeste lan eta ekintza.

Urbi Institutuko ikasleak eta irakasleak irailean, Estrasburgoko Parlamentuan // Urbi Institutua

Ondoren, urriaren 18tik 23ra Lituaniara bidaia egin genuen. Lituaniako Šiauliai hirian ikasle eta irakasleok parada izan dugu tokia ezagutu, Vilnius eta Kaunas hirietara joateko, eta, berriz ere, lankidetza lanean aritzeko. Honetan ere lituaniar parlamentua bisitatu dugu, baita Bederatzigarren gotorlekuaren Memoriala ere. Hain ezezaguna egiten zaigun herrialde hau ondo ezagutzeko aukera paregabea izan da. “Esperientzia zoragarria, bizitza osoan, ahaztu nahi eta ahal izango ez duguna”.

Informazio gehiago: https://twinspace.etwinning.net/98273

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak