→Basauri

‘Zu eta ni, lanean elkarrekin’ eTwinning proiektuaren bigarren topaketa, Donibane Lohitzunen

Euskarazko lehenengo eTwinning proiektuaren bigarren topaketa egin dute maiatzean Urbi Institutuko ikasleek Donibane Lohitzunen.

Urbi Institutuko ikasleak eta irakasleak Maurice Ravel ikastetxean, Donibane Lohitzunen // Argazkia: Urbi Institutua

2018-19 ikasturtean Basauriko Urbi institutua Nafarroako Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolarekin eta Iparraldeko Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel eta Baigorriko Jean Pujo eskolekin ‘ZU ETA NI, LANEAN ELKARREKIN’ eTwinning proiektua garatzen ari da. Basauritarrak egiten ari diren proiektu hau bada Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Iparralde eta Hegoalderen artean egiten den lehenengo proiektua euskaraz.

Maiatzaren 16an Donibane Lohitzunen gauzatu zen proiektuaren bigarren topaketa (lehenengo topaketa Basaurin izan zen otsailaren 14an). Urbi ikastetxeko ikasleek zein irakasleek Hendaiako Abbadia gaztelua bisitatu ostean, bere proiektu-kideekin batera  Maurice Ravel ikastetxea ezagutu zuten. Gymkhana modukoa ere egin zuten Donibane Lohitzuneko lekurik garrantzitsuenak aztertuz. “Lan kolaboratibo eta kooperatiboa bermatzeko modurik errezena dira eTwinning proiektuak”, diote irakasle arduradunek.

Urbi eta Donibane Lohitzunekoak euskaraz aritu izan ziren euskalkien desberdintasuneei erreparatu gabe. “Dudarik gabe, elkarrekin lan egitea eta elkar bizitatzea modurik onena izan da euskararen erabilera sustatu eta ziurtatzeko”, diote.

eTwinning 686.969 irakaslez, 194.898 ikastetxez eta 90.145 proiektuz osatutako Europar Batasunak duen hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako programaren atala da. Bere helburua bada eTwinning-en parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideiak trukatzea, lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea, IKTen (Informazioa eta Komunikazioaren Teknologien) laguntzarekin.

Honezkero Urbi BHIk baditu 3 eTwinning proiektu martxan: BIS (Beauty is Subjective) Italiako Milan eta Belgikarekin; Interroga mulieres Alemaniako Fulda eta Italiako Sarnorekin, eta euskararen erabilera indartu eta hobetzeko eta, harrigarria bada ere, euskaraz Iparralde eta Hegoaldearekin lehenengo aldiz egiten den Zu eta ni, lanean elkarrekin  Nafarrako Atarrabia, Donibane Lohitzun eta Baigorrirekin egiten ari diren hau.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak