ā†’Basauri

Covid-19a galarazteko Uribarri Institutuko ikasleen bi proiektu saritu dituzte Elhuyar Zientzia Azokan

Elhuyar Zientzia Azokan Uribarri BHI institutuak bi ikerketa-proiekturekin parte hartu du: AirRactor eta Sentsore-19. Bi proiektuak saritu dituzte.

AirRactor eta Sentsore-19 proiektuaak saritu dituzte Elhuyar Zientzia Azokan // Uribarri BHI

Elhuyar Zientzia Azokaren 2021. edizioan Uribarri BHI institutuak bi ikerketa-proiekturekin parte hartu du, Euskal Herriko beste zentro batzuekin batera. Ekimenean 110 lan aurkeztu dira, eta 20 proiektu finalistak ekainaren 5ean Bilboko areatzan erakutsi ziren. Horietatik, zazpi proiektu saritu dira, eta horien artean gure zentroak aurkeztutako biak:

AirRactor Proiektua

Gorka Ɓlvarez, Ibon Garcia, Eder Olabarrieta, Pablo Wu, Basauriko Uribarri Institutuko DBHko 4. mailako ikasleak gara. Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dugu, gure ikastetxearen STEAM proiektuari esker. Gure Airactor prototipoa Atarfe-Granadan 2021eko urriaren 1etik 3ra bitartean egingo den “Ciencia en Accion” azokan parte hartzearekin saritu dute.

Covid-19 gaixotasunari aurre egiteko eta Covid-Sars-2 birusaren hedapena murrizteko oso garrantzitsua da maskarak erabiltzeaz aparte gelak ondo aireztatzea. Horregatik, eta institutuko gela batzuen aireztapena ona ez zela ohartuta, AirRactor proiektua sortu genuen, aireztatzeko prototipo bat, eta horrela arazoari konponbidea emateko. Sortutako prototipoa institutuan ditugun ordenagailu zaharretako haizegailuak erabilita sortu dugu plastikozko piezen eta torlojuen bidez lotuta, haizagailuzko laukizuzen bat osatzen. AirRactor prototipoa leihoetan kokatu egiten da eta martxan jartzen denean gelaren aireztapena hobetzen da aire garbia egongo dela bermatuz eta gure osasuna zaintzen lagunduz.

Sentsore-19 Proiektua

ZuriƱe Barbero, Goizane Barrenetxea, Patricia Diego eta Nagore Sesar gara, Basauriko Uribarri Institutuko Biologia eta Teknologia modalitateetako Batxilergoko 1. mailako ikasleak. Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dugu, gure ikastetxearen STEAM proiektuari esker. Gure prototipoek “Bizkaia Talent” prestakuntza-beka saria jaso dute.

Sentsore-19 proiektuak bi sistema edo atal desberdinez osatuta dago: alde batetik, aforo zenbatzailea dago; eta bestetik, CO2 neurgailua. Lehenengo sistema sakatzaileek eta LED-ekin egindako keinukariek osatzen dute. Bigarren sistema CO2a neurtzen duen sentsoreek, OLED pantailek eta LED batzuek osatzen dute. Gela batean kokatzeko diseinatuta daude, aforo zenbatzailea atearen ondoan jartzeko, eta CO2 sentsorea leihoetatik eta atetik urrun jartzeko. Bi sistema hauen erabilera ikastetxeetan koronabirusaren kutsadura galarazteko pentsatuta daude, beti ere klaseetan ahalik eta erosotasun handiena mantenduz.

Zorionak proiektu hauetako partaide guztioi egindako lan zoragarriagatik!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak