Basaurin hiru urteko haur bat bahitzen saiatzeagatik ikerketa abiarazi zuen azaroan Ertzaintzak. Ustezko gertaera azaroaren 13an, larunbatez, jazo zen Basozelaiko Zortziko plazan. Umearen amak Ertzaintzan salaketa jarri zuen egunean bertan, baita sare sozialetan horren berri eman ere. Oihartzun handia izan zuen ustezko gertaerak, baina Segurtasun Sailetik adierazi zutenez, “kasu isolatua” izan zen.
Bi hilabete ondoren, Segurtasun Sailarekin jarri da berriro harremanetan GEURIA ikerketa eta kasua bera zein puntutan dagoen galdetzeko: “Ahalik eta ikerketa gehien egin ditugu, eta kasuaren eginbide guztiak Bilboko Guardiako Epaitegira bidali ditugu”, diote, eta gaineratu dute: “Instrukzio-epailearekin elkarlanean jarraitzen dugu, haren esanetara, ikerketak beste eginbideren bat eskatuko balu ere”.
