→Basauri

Zabor eta garbiketa kontratu berria proposatu du Basaurik 16 milioi euroko zenbatekoarekin

Basauriko bideen garbiketa, gaikako bilketa, hondakinen garraioa, hustutegien garbiketa eta saneamendu-sareari buruzko kontratua berrituko du Udalak.

Besteak beste, Basauriko gaikako bilketaren ehunekoa handitzea bilatuko du Udalak // Argazkia: Geuria

Basauriko bideen garbiketa, gaikako bilketa, hondakinen garraioa, hustutegien garbiketa eta saneamendu-sareari buruzko kontratua berrituko du Udalak. Kontratazio Mahaiak zerbitzu horiek guztiak Enviser enpresari esleitzea proposatu du, hura izan baita puntuazio gehien lortu duena. Kontratuak 16 milioi euro inguruko aurrekontua (BEZik gabe) izango luke eta lau urterako izango litzateke. Enpresa horrek egungo esleipendunaren langileak subrogatu beharko ditu. Proposamen hori Lurralde Politika eta Kontratazio Batzordera eramango dute, eta ondoren, osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu beharko dute udaltaldeek.

Baldintza-agirietan hainbat betebehar ezarri dituzte zenbait helburu lortzeko. Hala nola, Udalak ingurumen-helburuak bete ditzan bultzatzea, ikuspegi sozialago batean oinarritutako zerbitzua ematea, berdintasun-klausulak edota lana lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboak laneratzeko klausulak, baita Basauriko gaikako bilketaren ehunekoa handitzea ere. Azken helburu horri lotuta, eskatzen da enpresa lizitatzaileak bermatu behar duela edukiontzietara sarbidea txartel-sistema bidez izatea, hau da, bizikidetza-unitate bakoitzeko txartelak banatzea, “gaika utzitako hondakinen bolumena kuantifikatzea ahalbidetuko duena, ondoren zaborren tasan hobaria aplikatzeko”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, hobaria aplikatzen hasiko lirateke 2021eko otsailetik aurrera gaika utzitako hondakinen bolumenagatiko zabor-tasan. Hasteko, edukiontzi organikoan aplikatzen hasiko lirateke eta pixkanaka gainerako bilketetara hedatuko lituzkete hobariak.

Udalak lizitazio berri hau aprobetxatu du zerbitzu berriak hainbat arlotan “anbizio handiagoko” baldintzak bete zitzan. Ildo horretan, ingurumen-helburuen artean, 2025erako gutxienez hondakinen pisuaren % 55 birziklatzera edo berrerabiltzera prestatzera bideratzea planteatu dute. “Enpresa esleipendunak zerbitzua antolatuko du birziklapena, berrerabilpena eta isurketa minimizatzeko”, diote udal ordezkariek: “Gainera, udal-hondakinak halakotzat jotzen ez diren beste batzuekin nahastea saihestu behar du. Esaterako, bide publikoan utzitakoak, kaleak garbitzekoak edo estolderia-sarekoak”. Halaber, edukiontzien % 25, gutxienez, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarriak izatea, eta kale edo etxadi bakoitzak horrelako bat izatea bermatuko dute.

Zerbitzua ematean ere kutsadura akustikoa minimizatuko du enpresa esleipendunak, Zarataren Aurkako 2018-2022ko Planean ezarritakoaren arabera. Gainera, “zerbitzua antolatzeak lagundu egin beharko du energia aurrezteko, gas-isuriak murrizteko… udal-helburuak betetzen”, diote udal arduradunek.

Bestalde, bete beharreko klausula sozialek barne hartzen dute lana, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartzea erraztuko duten neurriak hartzea eta enpresak Berdintasun Plan bat izatea edo egitea. Era berean, bi hizkuntza ofizialen erabilera bultzatuko dute, eta komunikazioetan hizkuntza ez-sexista eta berdintasunezkoa erabiliko dute. Laneko arropa lan-baldintza duinetan ekoitzia izan beharko da, eta enpresa esleipendunak desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-erreserbaren legezko betebeharra betetzen duela edo dagozkion neurri alternatiboak hartu dituela ere egiaztatu beharko du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak