→Basauri

Basauriko Udalak 5.700 euro emango dizkio dohaintzan Zaporeak proiektuari

Bestetik, elikagai bilketa jarri dute martxan Marienean azaroaren 13ra arte, ondoren Moriako errefuxiatuen kanpalekura bidaltzeko.

Isabel Cadaval Berdintasun, Lankidetza eta Enpleguko zinegotzia, eta Beatriz Amorena, Zaporeak elkarteko boluntarioa // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko Udaleko Lankidetza atalak Zaporeak Proiektuari emango dio aurtengo larrialdietarako laguntza. Guztira, 5.700 euro dira emango dizkiotenak. Bestetik, elikagai bilketa jarri dute martxan Marienean Berdintasun atalaren bitartez, ondoren Moriako errefuxiatuen kanpalekura bidaltzeko. Izan ere, Lesbosen bizi duten beharrizan-egoera larriari aurre egiten lagundu nahi izan du Marieneak.

Elikagai bilketa azaroaren 13ra arte da, eta besteak beste, arroz luzea, garbantzuak, dilistak, indabak, makarroiak, atuna eta sardinak latan, oliba olioa, barrita energetikoak, piperbeltz beltza eta zuria, kominoa eta currya jasoko dituzte. Ekimenean parte hartu nahi dutenek elikagaiak eraman ahal dituzte Marieneara astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:30era eta 16:00etatik 20:30era (ostiraletan goizez bakarrik).

“Nabarmendu nahi dut basauriarrek bilketa-kanpainan elkartasunarekin agertutako konpromisoa: udalerriko zenbait kolektibok hartu dute parte ekimenean. Udalak ere, eremu instituzionaletik, bat egiten du basauriarrekin, zeinek, dagoeneko, Moriako kanpalekuko errefuxiatuekiko beren konpromisoa erakutsi baitute”, dio Isabel Cadaval Berdintasun, Lankidetza eta Enpleguko zinegotziak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak