Sareak

☉ Basauri

Zuberoako ikastoletako gurasoak Basaurin izango dira bihar, bertako produktuen pintxoak egiten

|

Zuberoako ikastolak laguntzeko proiektua bultzatuko dute beste urte batez Basaurin eta Hego Uribe eskualdean. Aurten Zutarri taberna proiektuaren bitartez ari dira ekimena sustatzen: urrian zehar Zuberoako produktu-kutxa eskuratzeko bolilla dago martxan bertan; azaroan Zuberoako ikastolek eskainiko dituzten gabonetako hiru kutxak salgai jarriko dituzte; eta abenduan eskatutako kutxak banatuko dituzte.

Gainera, bihar, urriak 30, Zuberoako ikastoletako familia ordezkaritza etorriko da Basaurira. Besteak beste, Eperra (Sohüta) eta Basabürüko (Aloze) ikastoletatik etorritako gurasoek egindako pintxoen dastaketa izango da (gabonetako kutxetan datozen produktuetatik egindakoak); Zuberoako gazta baten pisua asmatzeko apostu jolasa izango da; eta eguerditik aurrera, Arratiatik etorritako musikariak eta kantariak izango dira. Egun osoan zehar kafearekin batera gurinezko galletak banatuko dituzte, eta Ahüzki saskia lortzeko bolilla egongo da martxan.

Pintxotan honakoak salduko dituzte goizean zehar: gazta (eztia eta marmeladarekin aukeran), axoa (behi haragia saltsan) arrozarekin, ahate gibela, ahate gibel berrostatua, txerriki patea eta lukainka. Pintxo bakoitzagatik euro 1 ordaindu beharko da, eta 5 eurorengatik sei pintxoen dastaketa egiteko aukera egongo da. Apostu jolasari dagokionez, apostu bakoitzeko euro 1 ordainduko da eta, “gaztaren pisua asmatzen duenak gazta etxera eramango du!”, diote. “Ekimen honetatik aterako den dirua Zuberoako Sohütako eta Alozeko ikastolentzat izango da”, diote Zutarri taberna proiektuko kideek.

Saskiak salgai

Zuberoako Sohütako Eperra eta Alozeko Basabürüko ikastolak laguntzeko eta bertako ekoizpenak ezagutaratzeko eta dastatzeko saskiak salduko dituzte beste urte batez Euskal Herri mailan. Hego Uribe eskualdean ere bat egin dute ekimenarekin. Saski salmenta kanpaina azaroaren 1ean abiatuko dute eta hilaren 26ra arte egongo da martxan.

Aurten ere hiru saski mota salduko dituzte: Ahüzki (40 euro), Irati (55 euro) eta Orhi (70 euro). Ahuzki saskiak honako produktuak dakartza: xerriki patea (190 gramo), ahate gibel berrosatua (125 gramo), eztia (500 gramo), bixkotx poltsa artisanala (150 gramo) eta ardi gazta (550 gramo). Irati saskiak xerriki patea (190 gramo), ahate gibel berrosatua (125 gramo), axoa -xahalki xehatua saltsan- (640 gramo), eztia (500 gramo), bixkotx poltsa artisanala (150 gramo) eta ardi gazta (550 gramo) ditu. Eta azkenik, Orhi saskiak ahate gibela (200 gramo), bixkotx gatzatuak (80 gramo), lukainka idorra, azafrai erreximenta -edo hori falta balitz, eztia- (250 mililitro) eta ardi gazta (kilo bat). “Bi ikastoletan dauden ekoizleeri esker osatuak dira saskiak. Lotura zuzena daukate ikastolekin: oraingo guraso eta guraso ohiak. Erran gabe doa, produkzio ttipiko ekoizleak direla. Kalitate haundiko eta bertan ekoiztu mozkinak eskaintzen dituzte. Horrek, suposatzen du osagaiak aldatu daitezkeela produkzioaren arabera”, diote Zuberoako ikastoletako ordezkariek.

Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean eros daitezke eta Hego Uribe eskualdean sei banaketa puntu ezarri dituzte: Arrigorriagako Abarrak Euskara Elkartea (abarrak@gmail.com), Arrigorriagako eskola (info@guremagalean.eus) eta Arrigorriagako Institutua (mimaneru@gmail.com); Basauriko Arizko Ikastola (posta@arizkoikastola.net) eta Zutarri taberna (azibar@zutarri.eus); eta Galdakaoko Eguzkibegi Ikastola (idazkaritza@eguzkibegi.net). Hego Uribeko puntu horietan ere eskaera egin daiteke. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 10etik aurrera banatuko dituzte saskiak. “Egungo egoeragatik ezinezkoa bazaigu saskiak banatzea, dirua itzultzeko teknikoki prest gaude”, diote Zuberoako ordezkariek.

Euskararen transmisioa bermatzen

Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, Zuberoako bi ikastola horien finantziazioan laguntzea, eta bestetik, tokiko ekoizleak ezagutaraztea, Zuberoako etxalde eta enpresetako ekoizpenak dituzten otarreak edo saskiak eskainiz. “Seme-alabek euskaraz ikasteagatik, gurasook finantziazioaren % 30 jartzen dugu eta administrazioek, % 20. Gainerako % 50, hau bezalako gizarte ekimenen bidez eskuratzen dugu”, diote.

2021eko kanpaina abiarazi dute Zuberoako ikastolek // Argazkia: ikaskoli.eus

“Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza gutxiagotua gelditzen da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen. Ber ildotik eta azken hilabeteotako informazioari begirada bat emanez, Ikastolen alde ari diren militante orok badaki deus onik ez dela itxaron behar frantses estatuaren aldetik. Murgiltze eredua zalantzan jarri zuten iragan udaberrian erranez Frantziako konstituzioaren kontrakoa zela. Esandakoa ekintzazen balu, euskararen geroa lander haundian ezar lezake. Beraz hobe, gaurdanik gure esku dagozten dinamikak martxan jartzea, bihar eta etorkizunean autonomia haundiago batekin bizitzeko gisan. Hortan datza ere saski salmentaren funtsetako bat”, diote.

Eperra Ikastola 2003an hasi zen gabonetako otarreak eskaintzen, eta 2014an Alozeko Ikastolak bat egin zuen ekimenarekin. “Balorazioa egiteko unean, ohartzen gara urtez urte saldutako saski kopuruak gora egiten duela”, diote. Hain zuzen ere, iaz 2.200 saski saldu zituzten, aurreko urtean baino 500 saski gehiago: “Salmentaren emendatzea funtsezko laguntza izan da, bereziki diru mailan, Covid-19ak sortu arazo ekonomikoari aurre egiteko. Oroitarazi dezagun, urte batez diru iturriak murriztuak edota ezeztatuak izan zirela. Beharrik ikastolek 2020ko saski salmenta mantendu zuten, hunek hein batean konduen orekatzea permititu baitzeien”.

☉ Basauri

Sarratuko geltokian L2 eta L5 konektatzea “herritarron borrokaren lorpena” dela diote basauriarrek

|

'Sarratu bai, baina honela ez' plataforma duela bi urte eratu zuten herriko elkarteek eta eragileek // Geuria

“Konponbiderik zentzuzkoenak” irabazi duela diote ‘Sarratu bai, baina honela ez’ plataformako kideek.

Hain zuzen ere, Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Basauriko herritarrok zorioneko gaude, azkenik Metroaren L2 lineak L5arekin modu naturalean eta irisgarrian konektatuko dutelako”, diote.

Basauriko auzo elkarte guztiek, Sagarrak talde ekologistak eta herriko beste gizarte eta kultur elkarteen atxikimenduarekin osatutako plataformak “zentzuzko irtenbide bat” aldarrikatu du askotan lotura horretarako, eta irtenbide hori “lortu dela” uste dute.

“Planteatutako konponbidea, zalantzarik gabe, herritarron borrokaren lorpena da, arazo horri arrazoizko irtenbide bat emateko beharra lan-mahaian jartzea lortu baitugu. Argi dago irtenbide teknikorik egon bazeudela, erabaki politiko bat hartu behar zen eta horri aurre egiteko inbertsio ekonomikoa, soilik”, diote.

Plataformatik berretsi dute, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko mugimendu soziala eta herritarra indartzeko beharra”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Asier Iragorri: “Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea”

Eusko Jaurlaritzak metroaren L2 linearen ibilbidea aldatuko du Basaurira sartu aurretik: tunel berri bat eraikiko dute Etxebarriko irteeratik, Sarratun L2 eta L5 konektatu ahal izateko

|

Asier Iragorri Basauriko alkatea eta metroaren L2aren trazadura berria // Geuria

Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko eguna da. Konexio hori ez zegoen aurreikusita hasiera batean, baina Udaletik egin dugun presioari eta bizilagunen eskariari esker, Eusko Jaurlaritzak trazadura aldatzea erabaki du”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Iragorrik adierazi duenez, Udaletik “behin eta berriz” eskatu dute konexio hori: “Era askotara egin dugu: dokumentu teknikoei alegazioak eginez, Eusko Trenbide Sarearekin eta Garraio Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta bilera ugariren bidez edota osoko bilkuran onartu zen mozio baten bidez”.

“Apirilean Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azkenean baieztatu zigun gure erreklamazioa aintzat hartuko zela eta trazadura aldatuko zutela. Bizilagunei eta gainerako alderdiei horren berri emateko irrikitan geunden, baina leialtasun eta errespetu instituzionalagatik, ezin genuen hori egin. Izan ere, gure ustez, gai horri buruzko informazioa erakunde eskudunak eman behar zuen , edo bestela, elkarrekin aldi berean”, dio Iragorrik: “Azkenean, ez da horrela izan, baina, nolanahi ere, albiste bikaina da Basaurirentzat”.

Tunel berria

Etxebarritik irtendakoan 400 metro luzerako tunel berri bat eraikiko du Eusko Jaurlaritzak, eta tunel horri esker, konboiak Sarratuko geltoki intermodalean geldituko dira, bertan L2 eta L5 lineak konektatuta egon daitezen.

Gaur egungo ibilbidea marra laranjaz dago margotuta; eta trazadura berria, tunel berriarekin, puntu gorriekin // Basauriko Udala

Gauzak horrela, L2aren ibilbidea hau izango litzateke obrak bukatu ondoren: Bolueta-Etxebarri-Sarratu (geltoki berria)-Ariz-Basauri. Eta Sarratun L5a hartu ahal izango dute erabiltzaileek Galdakao-Usansolo ospitalera modu zuzenean joan ahal izateko.

Gaur egun Etxebarritik Arizera bitarteko trazaduraren zati bat zerbitzurik gabe utziko du Jaurlaritzak tunel berria egin ostean, tunel berritik soilik igaroko baita metroa.

Etxebarrin metroa aire zabalean dago eta Basaurira tunel batetik sartzen da. Bada, tunel berria Etxebarriko tuneletik gertu eraikiko dute eta ETSk inguruan duen trenbide-multzoaren eta Sarratuko hirigintza-garapenerako erreserbatutako lurzati batzuen azpian induskatuko dute.

Sarratu-Aperribai tarteko obrak hasierako fasean daude, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du birdiseinua bat datorrela eta ez diela epeei eragingo. Modu horretan, Metroa Galdakao erdigunera iritsiko da 2027. urtean, eta ospitalera 2029an.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Sarratuko geltoki berriak azkenean Metroaren L2 eta L5 lotuko ditu

Eusko Jaurlaritzak metroaren L2 linearen ibilbidea aldatuko du Basaurira sartu aurretik: tunel berri bat eraikiko dute Etxebarriko irteeratik, Sarratun L2 eta L5 konektatu ahal izateko

|

400 metro luzerako tunel berri bat eraiko dute Etxebarritik Sarratura, L2 eta L5 lineak Sarratun konektatzeko // Google Maps

Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, Etxebarritik irtendakoan 400 metro luzerako tunel berri bat eraikiko dute, eta tunel horri esker, konboiak Sarratuko geltoki intermodalean geldituko dira, bertan L2 eta L5 lineak konektatuta egon daitezen.

Gauzak horrela, L2aren ibilbidea hau izango litzateke obrak bukatu ondoren: Bolueta-Etxebarri-Sarratu (geltoki berria)-Ariz-Basauri. Eta Sarratun L5a hartu ahal izango dute erabiltzaileek Galdakao-Usansolo ospitalera modu zuzenean joan ahal izateko.

Gaur egun Etxebarritik Arizera bitarteko trazaduraren zati bat zerbitzurik gabe utziko du Jaurlaritzak tunel berria egin ostean, tunel berritik soilik igaroko baita metroa.

Etxebarrin metroa aire zabalean dago eta Basaurira tunel batetik sartzen da. Bada, tunel berria Etxebarriko tuneletik gertu eraikiko dute eta ETSk inguruan duen trenbide-multzoaren eta Sarratuko hirigintza-garapenerako erreserbatutako lurzati batzuen azpian induskatuko dute.

Gaur egungo ibilbidea marra laranjaz dago margotuta; eta trazadura berria, tunel berriarekin, puntu gorriekin // Basauriko Udala

Sarratu-Aperribai tarteko obrak hasierako fasean daude, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du birdiseinua bat datorrela eta ez diela epeei eragingo. Modu horretan, Metroa Galdakao erdigunera iritsiko da 2027. urtean, eta ospitalera 2029an.

Auzotarren eskariak aintzat hartuta

Sarratuko geltoki berria “beste modu batean” planteatzeko eta L2 eta L5 lineak konektatzeko eskaria egin izan dute hainbatetan Basauriko elkarteek eta norbanakoak.

Era berean, duela bi urte Sarratuko geltokian Metroaren 2. Linea ere konektatzea eskatu zien Basauriko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko eguna da. Konexio hori ez zegoen aurreikusita hasiera batean, baina Udaletik egin dugun presioari eta bizilagunen eskariari esker, Eusko Jaurlaritzak trazadura aldatzea erabaki du”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Iragorrik adierazi duenez, Udaletik “behin eta berriz” eskatu dute konexio hori: “Era askotara egin dugu: dokumentu teknikoei alegazioak eginez, Eusko Trenbide Sarearekin eta Garraio Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta bilera ugariren bidez edota osoko bilkuran onartu zen mozio baten bidez”.

“Apirilean Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azkenean baieztatu zigun gure erreklamazioa aintzat hartuko zela eta trazadura aldatuko zutela. Bizilagunei eta gainerako alderdiei horren berri emateko irrikitan geunden, baina leialtasun eta errespetu instituzionalagatik, ezin genuen hori egin. Izan ere, gure ustez, gai horri buruzko informazioa erakunde eskudunak eman behar zuen , edo bestela, elkarrekin aldi berean”, dio Iragorrik: “Azkenean, ez da horrela izan, baina, nolanahi ere, albiste bikaina da Basaurirentzat”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Agertu da atzo Basaurin desagertu zen gizona

|

Atzo arratsaldean San Migelen 89 urteko gizon bat desagertu zen, eta Vost Euskaditik adierazi dutenez, agertu da. Senideek GEURIAri adierazi diotenez, ospitalera eraman dute.

Sareetan zabaldutako argazkiak ezabatzeko eskatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

89 urteko gizon bat desagertu da Basaurin eta bere bila ari dira

|

AGERTU DA. Vost Euskadik sare sozialetan zabaldu duenez, Luis Martin Aldea izeneko 89 urteko gizona desagertu zen atzo arratsaldean San Migelen, Basaurin.

Desagertu zen momentuan kirol-zapatila beltzak, galtza bakeroak, txamarra beltza eta txapel beltza zeramatzan. Aterki beltz txiki bat eta makila bat ere bazeramatzan.

San Migelen, Basaurin, Arrigorriagan edo inguruetan egon litekeela adierazi dute Luisen senideek sare sozialetan.

Edozein informazio izatekotan, 112 telefono zenbakira deitzea eskatu dute Vost Euskaditik. Era berean, Luisen senideek sare sozialetan zabaldu dute telefono zenbaki bat: 636 311 253 (Alfredo, bere semea).

Osorik irakurri