→Basauri

Basauriko zuhaitz esanguratsuenak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu du Sagarrak taldeak

Basauriko zuhaitz berezienak ezagutzeko asmoz, ibilaldi gidatua antolatu du Sagarrakek ekainaren 28an. Javi Garrido hiriko zuhaitzen inguruko teknikariak gidatuko du ibilaldia.

Ibilbidea ekainaren 28an izango da // Argazkiak: Sagarrak

Basauriko zuhaitz esanguratsuenak katalogo batean biltzen ari da Sagarrak talde ekologista. Ildo horretan, ekainaren 28an, igandez, ibilaldi gidatua antolatu dute herritik, Basauriko zuhaitz berezienak ezagutzeko asmoz. Besteak beste, ezkiak, palmondoak, indigaztainondoak, astigarrak, aranondoak, haritzak edota gurbitzak ikusteko eta ezagutzeko aukera izango da ibilaldi gidatuan.

Ibilbidea ekainaren 28an izango da 11:00etan, Renfeko tren geltokitik abiatuta. Javi Garrido hiriko zuhaitzen inguruko teknikariak gidatuko du ibilaldia.

Erakusketa Pozokoetxen

‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?’ izeneko kanpaina iazko maiatzean zabaldu zuen Sagarrakek. Kanpaina horren barruan, ekainaren 5ean Basauriko zuhaitz esanguratsuei buruzko argazki erakusketa antolatu zuen Sagarrakek Pozokoetxeko parke berrian. Hala ere, bertan behera geratu zen ekimena, Udalak horretarako baimenik ez zuelako eman.

Orain, baimen guztiak eskatuta, Sagarrakek erakusketa ekarriko du Pozokoetxeko parke berrira gaur, ekainak 26, 18:00etatik 20:00etara. “Gure bizitzan funtsezkoak diren zuhaitzak gehiago baloratzen eta hobeto kontserbatzen lagun dezagun erakutsiko du erakusketak”, diote talde ekoogistatik: “Zuhaitzen garrantzia ez da basoetara edo naturguneetara soilik mugatzen. Hiri-zuhaitzek ere onura ugari dakarkigute, hala nola, airearen kalitatea hobetzen dute, isolatzaile akustiko gisa jarduten dute edota klima erregulatu egiten dute, inguruneko hezetasuna handitzean eta tenperaturak epeltzean. Horrez gain, zuhaitzak animalia-espezie ezberdinen bizileku dira”, diote Sagarraketik.

‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?’ kanpainaren helburuak hiru dira: alde batetik, zuhaitzek dakartzaten onurak ezagutaraztea eta kontzientzia piztea; bestetik, Basaurin dauden zuhaitz eta arbolen ezaugarriak eta euren egoera ezagutzea; eta amaitzeko, herrian dauden zuhaitzak babesteko udal araudia bermatzea eskatzea. “Gure herriko zuhaitzei balioa emateko, ematen dizkiguten onura anitzak ezagutzeko eta horiek zaintzeko eta errespetatzeko beharraz kontzientziatzeko abiarazi genuen iaz kanpaina”, diote Sagarraketik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak