→Basauri

Basauriko baso eta zuhaitzen toponimoen hitzaldia emango du Ander Rosek Ibaiganen

Bizkotxalde parkea // Geuria

‘Basauriko arbola esanguratsuak’ kanpainaren barruan, “Iraganeko gure arbolen aztarnak Basaurin. Hiri-Arbolaren II. Astea” hitzaldia antolatu du Sagarrakek maiatzaren 12an, ostegunez, 19:00etan Ibaigane Kultur Etxean. Hitzaldia Ander Ros Onomastika Elkarteko kideak emango du eta euskaraz izango da. “Gure basoek eta zuhaitzek gizartean duten eragina ezin da ulertu iragana ezagutu gabe. Horretarako atzera begirada bota behar dugu, eta guk horretarako modua dugu: dokumentu zaharrek informazio oparoa eskaintzen digute eta toponimo edo lekuen izenek baso eta zuhaitzak leku jakinetan kokatzen. Gure eskualdea besteak bezalakotsua zen zuhaitzei dagokionez, baina hitz eta izenetan zenbait berezitasun antzeman daitezke”, diote Sagarraketik. 

“Zuhaitzekin eta beste landare batzuekin zerikusia duen toponimiak garaian garaiko paisaia eta landaretza irudikatzen ditu, eta lurralde bakoitzean bizi zirenentzako zeukaten garrantziaren adierazle da”. Rosek Basaurin eta inguruetan dauden mota horretako toponimoen zenbait adibide azalduko ditu, “eta, horri esker, gaur egungo eta iraganeko gure ingurunea hobeto ezagutuko dugu”, diote Sagarraketik.

Hitzaldira joan nahi duenak izena eman behar du maiatzaren 10a baino lehen ekologia@sagarrak.org helbide elektronikora idatzita edo 944 263 769 telefono zenbakira deituta.

Erakusketa Basozelain

Bestetik, ‘Basauriko arbola esanguratsuak’ kanpaina beraren barruan erakusketa antolatu du Sagarrakek Basozelaiko Gizarte Etxean. Maiatzaren 15era arte ikusi daiteke erakusketa Gizarte Etxearen sarreran. “Duela hiru urte ‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?’ kanpaina hasi genuen, gure herriko zuhaitzen balioa nabarmentzeko, ematen dizkiguten onura ugariak ezagutzeko eta horiek zaindu eta errespetatzeko beharraz kontzientziatzeko. Kanpaina honen esparruan, erakusketa bat diseinatu genuen, gure udalerrian dagoen hiri-zuhaiztia ezagutzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak