→Basauri

Berdegune berriak sortzeko eta daudenak osorik berritzeko hautua hartu du Basaurik

Berdeguneak eta zuhaiztiak babesteko udal ordenantza onartu du aho batez Basauriko udalbatzak. Testuan oposizioko alderdien ekarpenak jaso dituzte.

berdeguneak eta zuhaiztiak babesteko ordenantza onetsi du aho batez udalbatzak // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko berdeguneak eta zuhaiztiak babesteko ordenantza onetsi du aho batez udalbatzak abenduko osoko bilkuran. Ordenantza horren arabera, herriko berdeguneek eta lorategiek beren funtzioak betetzen dituztela bermatuko da. Funtzio horiek dira: ingurumena hobetzea, aisialdirako eta lasaitasunerako espazioak izatea eta udalerria edertzea. “Eta hori guztia lortzeko, behar-beharrezkoa da espazio horiek ongi kontserbatzea”, dio Nerea Renteria Lurralde Politika eta Kontratazio arloko zinegotziak. Ordenantzak herritarren erabilerak eta bizikidetza arautzen ditu, “eta hainbat irizpide ematen ditu kontserbazioari, landaketa berriei eta oraingo landareriak eta zuhaiztiak berriztatzeari begira”, dio Renteriak.

Udal-babeserako aisialdi guneei dagokienez, ordenantzak sustatutako erabileren artean, aipatzekoak dira, batetik, interakzio soziala, aire zabaleko kirola eta aisialdi osasungarriak, eta, bestetik, herritarren segurtasuna eta mugitzeko askatasuna, eta aukera-berdintasuna espazioetara sartzeko. “Debekatutako erabilerei dagokienez, besteak beste, ez dago baimenduta ibilgailu motordunen zirkulazioa, eta ezin dira soinu-ekipoak erabili, ondoko etxeetan entzuten direnean edo haien bolumenak alboko mahaien elkarrizketak eragozten dituenean, eta, oro har, ezin dira erabili ekipo horiek 22:00etatik 10:00ak bitartean. Udal-babeseko aisialdiko guneetan ezin da sua piztu, horretarako berariaz egokitutako lekuetatik kanpo, ezin dira erabili barbakoa eramangarriak, eta ezin da kanpatu, ezta zaborrak bota ere edukiontzietatik kanpo”, dio Renteriak.

Halaber, berdegune berriak sortzeko edo daudenak osorik berritzeko diseinu-proiektu integral bat idaztea jasotzen du ordenantzak, “genero-berdintasuneko, konfort akustikoko eta energia-eraginkortasuneko irizpideak bete beharko dituena”. Udal berdeguneen eta lorategien erabilerari eta kontserbazioari dagokienez, herritarrek zuhaiztiak eta landaketak errespetatu beharko dituzte. Bestetik, debekatuta egongo da landare-espezie inbaditzaileak landatzea udal-parke eta -lorategietan, eta urbanizazio- eta eraikitze-proiektu guztietan “ahal bezain beste” errespetatuko dira lehendik dauden zuhaitzak eta landareak. “Era berean, kendu egingo dira hilik dauden zuhaitzak eta, egindako azterketa teknikoen arabera, arriskutsuak izan daitezkeenak. Bestalde, inausketak, ahal den neurrian, zuhaitzaren indarra eta funtzionaltasuna mantendu beharko ditu, baita zuhaitzaren forma edo egitura naturala eta espeziearen ezaugarriak errespetatu ere”, dio Renteriak.

Gobernu taldeak oposizioko alderdiek egindako hainbat ekarpen jaso ditu. EH Bilduk proposatu duenez, “22:00etatik 10:00ak bitartean, aisialdiko guneetako erabiltzaileek arreta berezia jarri beharko dute inguruan bizi diren pertsonentzat gogaikarriak izan daitezkeen zaratekin, eta debekatuta egongo da oihukatzea, abestea edo edozein zarata mota egitea”. Elkarrekin Podemosek udalerriko berdeguneen diseinuan herritarren partaidetza sustatzea proposatu du, baita lorategien mantentze- eta kontserbazio-lanak lorezaintza ekologikora bideratzea ere, “basa-flora eta -fauna errespetatuta eta sustatuta, eta ingurumenean duen inpaktua aintzat hartuta”. 

Zuhaitzen katalogoa

Beste alde batetik, Basauriko zuhaitz esanguratsuen katalogo bat egingo du Udalak. Katalogo horretan, tamaina, adina, historia edo ezaugarri estetikoak aintzat hartuta, udalerrian bereziki babestu behar diren zuhaitzak eta zuhaixkak sartuko dira. Katalogoak kontserbazio- eta dibulgazio-xedea izango du, eta publikoa izango da. Ildo horretan, 2019an Sagarrak talde ekologistak kanpaina bat abiarazi zuen ‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen’ izenpean. Horrez gain, testu arautzaile berriak jasotzen duenez, Basauriko Udalak hiri-baratzeak sustatuko ditu udalerrian, eta horretarako ekonomia eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarriak diren kokalekuak bilatuko dira. Azkenik, ordenantzak ezarritako betebeharren ez-betetzeetatik eratorritako zigorren araubide bat zehazten du. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak