Iazko datuekin alderatuta, bikoiztu egin da izena eman duten tabernen kopurua. Helmuga Basauri maiatzaren 29an hasiko da eta ekainaren 14ra arte luzatuko da. Era berean, Musika Helmuga jardunaldia ospatuko da ekainaren 13an.
Basauriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko ekimena da Helmuga Basauri eta aurten maiatzaren 29tik ekainaren 14ra ospatuko da. Gainera, berrikuntza moduan, aurten gastronomia ez ezik, artea bultzatzeko ekimena ere martxan jarri du Basauriko Udalak: KaleARTEan.
‘Basauri Pintxo Helmuga’ programaren bigarren edizioa izango da eta, iaz bezala, helburua herriaren nortasuna indartzea izango da, bai kontsumoari dagokionez, bai aisialdirako leku aproposa dela adierazteko ere. Bertako ostalaritza eta gastronomiaren kalitate ona sustatzeko asmoz, 68 tabernek euren ‘Izar Pintxoa’ eskainiko dute -iazko datuekin alderatuz, bikoiztu egin da taberna kopurua-. “Basauri herri bizia da, baina hamar egun hauetan jarduera hori biderkatzea espero dugu, basauriarren zein bisitarien artean. Helburu nagusia ostalarien eskaintza ezagutaraztea da, baita Basauriko kultur, kirol eta aisialdi agenda sustatzea ere”, dio Andoni Busquet gaur egungo jeltzaleen alkategaiak.
Aurten ere pintxo-gida banatuko dute ekimenean parte hartuko duten tabernetan, kultur etxeetan zein leku publikoetan, baita inguruko udalerrietan eta Bilbon ere. Bertan, “Izar-pintxo” guztien argazkiak agertuko dira, hura eskainiko duen tabernaren helbidearekin eta pintxoaren deskribapen txikiarekin. Era berean, kultur, kirol eta aisialdi agenda ere jasoko du gidak.
ZOZKETAK ETA GINKANA
Pintxo Helmuga dinamikak Basauriko ostalaritza zerbitzuen kontsumoa bultzatzeaz gain, bertako saltokietan egiten den kontsumoa ere sustatu nahi du. Horretarako, bonoen zozketa egingo dute pintxo-gidan agertuko diren tabernetan kontsumitu duten pertsonen artean. Balio ezberdinetako bonoak egongo dira jokoan, Basauriko merkataritza lokaletan trukatzeko.
Ekintza paralelo moduan ginkana antolatu du Udalak. Ekainaren 5etik 7ra ospatuko da, ‘Helmuga Basauri Pasaportea’ izenpean. Helburua kontsumitzaileen ezagutza hobetzea izango da, ostalarien eta merkatarien eskaintzaren araberakoa. Kontsumitzaile bakoitzaren ‘Basauri Pasaportea’ eskuorrian tabernariek zigilua jarri beharko dute eta behin hori beteta, tabernetan egongo den ontzian sartu behar dute. Ondoren zozketa burutuko da; oraindik erabakitzeke dago bonoak banatuko dituzten edo jardueraren bat egingo duten, hala nola, bazkari edota afari bat edo gau baterako bonoa Basauriko ostatu batean.
__________
KALEARTEAN, ARTEA LOKAL HUTSETAN
“KaleARTEan” ekimena berrikuntza da 2015eko Helmuga Basauri programaren barnean. Ekainaren 5etik 7ra bitartean ospatuko da eta xedea Basauriko paisaiaren eta gune komertzialaren estetika hobetzea da, hutsik dauden hamar lokal berrerabiliz eta artearekin lotutako jardueretara bideratuz. Horiek horrela, artearen presentziarekin herritarren arreta deitzea bilatuko du ekimen honek, bidez batez, artearekin gozatzeko aukera emanez.
Ekimenaren arduradunek diotenez, “orain arte hutsik egon diren guneetan jarduera sortzeak, gizartea eta ekonomia berpiztea dakar. Espazio huts horiek jendea erakartzen dute, joan-etorrian dabilen jendea bereganatzen dute. Negozio horien inguruko eremua pizteak bisitari gehiago dakartza, eta horrek areagotu egiten du jarduera ekonomikoa”. Basauriko Udaleko Merkataritza atalak sustatutako proiektua da KaleARTEan, Basauriko Merkatariak elkartearen laguntzarekin, eta diseinuan inmobiliarien kolaborazioa izan du.
Ekainaren 13an, larunbatez, ‘Basauri Musika Helmuga’ jardunaldia ospatuko da. Ekimen osagarri honen asmoa gune komertzialak alaitzea izango da eta guztira 8 musika taldek hartuko dute parte, egun osoz.
