→Basauri

Basconiako jarduera ekonomikoetan “Basaurik erabakitzeko ahalmenik ez izatea” kezkatzen du EH Bilduk

Basconia lursaila 2015ean / Basauriko Udala

2009an alderdi sozialistak eta popularra egin bezala, orain gobernu talde jeltzaleak eta sozialistak SEPESerekin adostu du La Basconiaren lur eremua irekitzea asmo duen hitzarmena.

Basauri herria garatzeko lur eremu handiaren aukera, ostera, ez du begi onez ikusi EH Bildu oposizio buruak. “Beti defendatu izan du lurrak Udalari lagatzea, udal interesa beste erakunde batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriz, eta hitzarmen honen idazketa ez doa ildo horretan, argitu beharreko zalantzak sortuz. Lurralde Politikako Batzordean informazio gehiago eskatuko dugu”, adierazi du Exabier Arrieta zinegotziak.

Elkarrekin Podemosek, halaber, zuhurtziaz jaso du berria eta tentuz jarraituko du gaiaren bide administratiboa. Oraingoz, Bozeramaileen Batzordean hitzarmenaren oinarrizko ezaugarri teknikoak aurkeztu ditu gobernu taldeak, baina bertan ez zen izan alderdien zalantzak argituko lituzkeen udal langile teknikorik. Prozedura administratiboa, ordea, ahalik eta arinen jarri da martxan, alegia, alkatearen dekretu bidez.

Hitzarmen berriaren arabera, Basconiako lursaila bi eremutan banatzen da: batetik, ‘ipar-mendebaldea’, hirugarren sektoreko eta industria-erabilerako 74.845 m²-ko azalerako eremua; bestetik, ‘ipar-ekialdea’, bizitegi-erabilerako 62.455 m²-ko azalerako eremua, non 398 etxebizitza eraiki ahalko diren.

“Ipar-mendebaldeko lursaila SEPESek askatasunez erabiltzeko aukera izango du, baldin eta eremu horietako jarduketen ondoriozko diru-sarrerek ez badituzte betetzen eragiketaren itzulera ekonomikorako dituzten itxaropenak”. Kezka adierazi du Exabier Arrietak, baita harridura ere, horren atzean egon daitezkeen asmoak herritarrei ostontzen zaizkiolako eta Udalak ez duelako erabaki ahalmenik jarduera ekonomiko pribatuaren aurrean.

“Eremu hori funtsezkoa da etorkizuneko Basauri diseinatzeko, bai herriarentzako ekipamendu publikoei dagokienez, bai kalitatezko enplegua eta herriaren ongizatea ekar dezaketen jarduera ekonomiko potentzialak martxan jartzeko”, azaldu du EH Bilduko zinegotziak: “Udalak espazio horren diseinuan erabakitzeko ahalmena izan beharko lukeela uste dugu, eta hori ez dago batere argi”.

INDUSTRIA-NABEEN ETORKIZUNA. Basconiako lur eremuan dauden interes kulturaleko ondasun gisako industria eraikinen afera oraingoz ez du zehaztu Udalak. Horiek babesteko eta birgaitzeko konpromisoa hartu zuten 2009an SEPESek eta Udalak.

“Basconiako industria-nabeak udalerriari itzultzea babesten dugu”, adierazi du EH Bilduko Exabier Arrietak: “Baina gai arestian esan bezala, zehaztasun falta honetan ere: batetik, inbertsio handia beharko da horiek birgaitzeko eta egokitzeko, baina ez dakigu nork hartu duen bere gain; bestetik, oraindik zehaztu gabe dauden higiezin horiei eman nahi zaizkien erabilerei begira”.

NOLAKO ETXEBIZITZAK. Lehen hitzarmenak gutxienez 1.000 etxebizitza eraikitzea jasotzen zuen. Orain, ostera, 398 etxebizitza eraikiko direla zehazten du. Kopurua bai, baina etxebizitzen tipologia ez du zehazten Udalak.

“Alokairu hizatren aipamen lausoetatik harago, ez da ezer zehazten. Horrez gain, gune horretan dagoen eta sortuko den komunikazio-korapiloa -karga handiko kamioiak, auzoak bitan banatzen dituen trenbidea… Basauriko hirigintza-eraldaketarako gune nagusietako bati buruz aru gara, baina hauei guztiei buruz ez da berba egiten”, azaldu du EH Bilduko zinegoztiak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak