→Basauri

Bidebieta-Basauri tren geltokia estaltzeko eta eraikin berria egiteko proiektuaren idazketa esleitu du Adifek

Kontratua L.R.A. Infraestructuras Consulting enpresari esleitu dio Adifek 985.443,35 eurotan, eta honek 14 hilabeteko epea du proiektua idazteko.

Iaz bidaiarien eraikinaren fatxada berritu zuen Adifek // Geuria

Bidebieta-Basauri tren geltokia estaltzeko eta bidaiarien eraikin berria egiteko proiektuaren idazketa esleitu du Adifek. Iazko abuztuan proiektuaren idazketaren lehiaketa zabaldu ondoren, kontratua L.R.A. Infraestructuras Consulting enpresari esleitu dio Adifek 985.443,35 eurotan (BEZa barne), eta honek 14 hilabeteko epea du proiektua idazteko. Asmoa da oinarrizko proiektua idaztea eta iparraldeko estaldura eraikitzea aldirietako C-3 lineako trenbide-sestra aldatu gabe, trenbideak berrantolatzea, baita Bidebieta-Basauriko geltokian bidaiarientzako eraikin berri bat eta nasetarako sarbide berri bat San Fausto plazaren inguruan eraikitzea ere. Horrez gain, eraikin berriaren hurbileko ingurunea urbanizatzea ere aurreikusten da, aparkalekuak barne.

Proiektuak honako lan hauek hartu behar ditu bere gain: lehendik dauden hiru trenbideak altxatzea eta desegitea, lehendik dauden bi nasak eraistea, bi trenbide berri instalatzea eta erdiko nasa bat eraikitzea bi trenbide berri horien eta katenaria altxatzearen artean, eta katenaria berria instalatzea.

Jarduketa hau Adif erakundeak Basauriko Udalarekin sinatutako akordioen barruan hartutako konpromisoen barruan sartzen da, “irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta integrazioa nabarmen hobetzeko, San Fausto-Bidebieta auzoari ez ezik, udalerri osoari ere mesede egingo baitio”, diote Adifetik. Negoziaketa luzeen ondoren, 2018ko ekainean hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, eta horren bitartez, lau milioi euro eman zizkion Udalak Adifi Pozokoetxeko trenbide multzoagatik eta geltoki berriagatik.

Azken urteotan Adifek hainbat esku hartze egin ditu Bidebieta-Basauri tren geltokian, orain esleitutako proiektuaren zain. Hala nola, 2015ean 50.000 euro baino gehiago inbertitu zituen nasetako argiztapena eta azpiko pasabidearen irisgarritasuna hobetzeko. Eta 2020an 140.000 euro inguruko kostuarekin, nasetara sartzeko eraikin zaharraren estalkia eta fatxada berritu zituen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak