→Basauri

Bidebieta-Basauri tren geltokia estali eta irisgarriago egingo du Adifek

Besteak beste, tren geltokia estaltzea, trenbideak berrantolatzea, eraikin berria eraikitzea eta nasetarako sarbideak modernizatzea aurreikusten du Adifek.

Bidebieta-Basauri tren geltokia berritzeko proiektuaren idazketa lizitatu du Adifek. Besteak beste, tren geltokia estaltzea, trenbideak berrantolatzea, eraikin berria eraikitzea eta nasetarako sarbideak modernizatzea aurreikusten du Adifek. Lizitazioaren zenbatekoa 1,46 milioi eurokoa da eta 14 hilabeteko egikaritze-epea du.

Asmoa da geltoki berri bat eraikitzea eta sarbide berri bat egitea San Fausto plazaren inguruan. Horren bidez, trenbidearen bi ertzak lotzea lortu nahi du Adifek, “geltokirako sarbidea erraztuz eta eraikin berria lauzaren gainean egingo den parke berrian integratuz”, diote Adifetik. Estalkia jartzearekin batera, San Fausto plaza handitzea ekarriko du proiektuak.

Horrez gain, eraikin berriaren hurbileko ingurunea urbanizatzea ere aurreikusten du Adifek, aparkalekuak ere moldatuta. Jarduketa horiek eraginpeko erakunde guztiekin koordinatuko ditu Adifek.

Erdiko nasa berria

Proiektuak lur gaineko trenbide-lan batzuen diseinua ezarri beharko du, lehendik dagoen trenbide-egiturari eragiten diotenak. Lan horiek, funtsean, honako hauek dira: lehendik dauden hiru trenbideak altxatzea eta desegitea, gaur egun dauden bi nasak eraistea, bi trenbide berri instalatzea eta erdiko nasa bat eraikitzea, baita katenaria berria instalatzea ere.

Proiektu hau Adifek Basauriko Udalarekin sinatutako akordioen barruan hartutako konpromisoen barruan sartzen da. Negoziaketa luzeen ondoren, 2018ko ekainean hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, eta horren bitartez, lau milioi euro eman zizkion Udalak Adifi Pozokoetxeko trenbide multzoagatik eta geltoki berriagatik.

Pozokoetxe, San Fausto eta Bidebietako hiri-plangintza 15 urteko epean burutuko dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak