→Basauri

Kultura ezberdinak elkartzeko Bizilagunak ekimena azaroan itzuliko da Basaurira

Azaroaren 17an ospatuko da Bizilagunak ekimena Basaurin eta Europa osoko hainbat herrialdetan. Zurrumurruen aurka ere beste zenbait jarduera antolatu dituzte herrian

Azaroaren 17an ospatuko da Bizilagunak ekimena Basaurin eta Europa osoko hainbat herrialdetan. Zurrumurruen aurka ere beste zenbait jarduera antolatu dituzte herrian

Bizilagunak-Aldameneko familia ekimena Basaurira helduko da beste urte batez. Aurten zazpigarren edizioa da eta azaroaren 17an ospatuko da. Egitasmo honen helburua da Basaurikoak diren eta bertan bizi baina jatorriz atzerrikoak diren familiak edota norbanakoak biltzea, betiere mahai baten inguruan. Elkarren artean ezagutzea eta kultura ezberdinak partekatzea da asmoa, arrazakeriarik eta xenofobiarik gabeko elkarbizitza sustatzeko. Ikusmira zabaltzeko, jakinmina asetzeko eta beste jatorri, kultura, ohitura eta pentsamoldea dutenekin ordu batzuk partekatzeko gogoa duten hango eta hemengo hamarnaka lagun bilduko dira mahai baten inguruan azaroaren 17an.

Ekimenaren ardatza da bertakoak direnak eta atzerritik datozenak elkarrekin bazkaltzera joatea. Baina ez edonora: alde baten edo bestearen etxera joatean datza Bizilagunak. Eta, elkarrekin bazkaldu eta gero, bazkalostea ere partekatzea da xedea. Anfitrio bezala edo gonbidatu bezala aurkez dezakezu zure familia, baita dinamizatzaile modura egoteko ere. Aurten Basaurin dozenaka familiek hartuko dute parte Bizilagunak ekimenean. Azaroaren 22an, Bizilagunak programan parte hartuko dutenen topaketa egingo dute Basaurin.

Europa osoan egiten den ekimena da Bizilagunak eta hainbat herrialdeetan antolatuko da une berean, baita Euskadiko udalerri askotan ere (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Getxo edota Barakaldo). EAE osoan 3.000 lagun inguruk hartuko dute parte ekimenean, bertakoak, bisitariak eta bazkariak antolatu eta horietan parte hartzen duten dinamizatzaileak kontuan hartuta. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Basauriren kasuan, 2012tik antolatzen dute Bizilagunak. Basauriko Udalak, Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren eta Kulturarteko Mahaiaren laguntzarekin sustatzen du egitasmoa.

Kultura-aniztasunaren alde

Basauri herri “irekia, abegikorra eta anitza” izaten jarraitu nahi du. Zentzu horretan, eta Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren barruan, Bizilagunak egitasmoaz gain, azaroan zehar kultura-aniztasunaren alde egiteko beste zenbait ekintza batzuk antolatuko dituzte Basaurin. Esate baterako, azaroaren 15ean Zurrumurruen aurkako III. Pintxo txapelketako irabazlea emango dute jakitera, Basauriko OLHUIn (lehengo CI- PEB) egingo duten ekitaldian. Halaber, hilaren 10ean zurrumurruen kontrako bertso saioa izango da Social Antzokian.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak