→Basauri

Auzitegiak Cabacasen heriotzagatik kondenatutako ertzainari zigorra betearaztea eten dio

2018ko abenduan Bilbon egin zuten manifestazioa // Geuria

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du Cabacasen heriotzagatik kondenatutako Juan Jose De Pablo ofizial ertzainari ezarritako bi urteko espetxe zigorra etetea. Zigorraren gauzatzea eteteko epailearen arrazoien artean daude: alde batetik, “zuhurtziagaberiazko hilketa” leporatu izana, eta ez dolozko delitua; bestetik, epaileak zehaztu du duela gutxi hil dela De Pabloren emaztea eta seme bat duela, eta zirkunstantzia horiek “bereziki zaila” bilakatuko luketeela ertzainaren kartzelatzea; eta azkenik Polizia gisa duen ibilbidean ez dagoela jasota zigortua izatera eraman zuren “antzeko egoerarik”. Ebazpenaren arabera, bi urteko espetxe zigorra eskatu lezake berriro epaileak, datozen bi urteetan kondenatuak legea hausten baldin badu.

2018ko azaroan bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zion epaileak De Pablori, eta Espainiako Auzitegi Gorenak zigor hori berretsi zuen joan den urtarrilean, “zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa” egotzita. Gorenak berretsi zuenean Bizkaiko Auzitegiaren epaia, Cabacas-Lizeranzu familiak iragarri zuen NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko zuela, “justizia bila”.

Cabacas-Lizeranzu familiak NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko du, “justizia bila”

BEDERATZI URTE

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzarengandik buruan pilotakada jaso zuen Iñigo Cabacas gazte basauriarrak, eta lau egunera hil zen Basurtuko ospitalean. Epaiketa gaztea hil eta sei urtera hasi zuten, 2018ko urrian eta hilabete inguru iraun zuen. Sei ertzain pasa ziren akusatuen aulkitik: orduan Ertzaintzaren ofiziala zena; 14. furgonetaren arduraduna; garai hartan subofiziala zena -herri segurtasunekoa- eta 13. furgonetako arduraduna; operatiboan parte hartu zuten hiru ertzain soil. Bizkaiko Probintzia Auzitegitik ehun lekuko baino gehiago igaro ziren.

Ertzaintzak pilotakadak jaurti zituen 2012ko apirilaren 5eko gauean gertakarien tokian polizia arduradun nagusia zen De Pablo. Auzipetutako gainontzeko bost agenteak (pilotak jaurti zituztela aitortu zuten hiru agente eta bi arduradun) absolbitu zituzten ezin izan zutelako egiaztatu nork jaurti zuen Cabacas hil zuen gomazko pilota, eta polizia-operazio hartan parte hartu zuen kargudun gorena zigortzea baino ez zuten erabaki.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak