→Basauri

Cabacas-Lizeranzu familiak NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko du, “justizia bila”

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ‘Cabacas auzian’ emandako epaia, eta baztertu du gainerako ertzainak zigortzea.

2018ko abenduan Basaurin egin zuten manifestazioa // Geuria

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ‘Cabacas auzian’ emandako epaia: auzipetu zituzten sei ertzainetatik bakarra zigortzea. Epaileak bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zion Juan Jose De Pablo ofizialari, “zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa” egotzita. Ertzaintzak pilotakadak jaurti zituen 2012ko apirilaren 5eko gauean gertakarien tokian polizia arduradun nagusia zen de Pablo. Auzipetutako gainontzeko bost agenteak (pilotak jaurti zituztela aitortu zuten hiru agente eta bi arduradun) absolbitu zituzten ezin izan zutelako egiaztatu nork jaurti zuen Cabacas hil zuen gomazko pilota, eta polizia-operazio hartan parte hartu zuen kargudun gorena zigortzea baino ez zuten erabaki. Kondena hori ontzat jo du Gorenak, eta baztertu egin du Bizkaiko Auzitegian epaitutako gainerako ertzainak zigortzea.

Horren aurrean, Iñigo Cabacas Lizeranzuren familiak eta Jone Goirizelaia abokatuak adierazi dute Nazio Batuen Erakundera (NBE) joko dutela, “justizia bila”. “Gorenak ez du funtsera joan nahi izan, ez du helegitea sakon eta zehatz aztertu, eta Bizkaiko sententzia berresteko baino ez da mugatu”, dio Goirizelaiak: “Guk ez dugu esan egin dena txarto egin denik, baizik eta gauza asko ez direla egin, froga guztiak ez direlako praktikatu, eta horrek baldintzatu egin duela ikerketa judiziala eta funtsera joatea. Pentsatzen dugu hori oinarrizko eskubideen urraketa bat dela, eta haiek ez dute helegitea onartu”. Gaizak horrela, Europara jotzea erabaki dute familiak eta abokatuek: “Kanpora joan behar dugu, estatu espainiarrean ez dugulako lortu justizia eta erreparazioa”. Zehazki, NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko dute.

Bederatzi urte

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzarengandik buruan pilotakada jaso zuen Iñigo Cabacas gazte basauriarrak, eta lau egunera hil zen Basurtuko ospitalean. Epaiketa gaztea hil eta sei urtera hasi zuten, 2018ko urrian eta hilabete inguru iraun zuen. Sei ertzain pasa ziren akusatuen aulkitik: orduan Ertzaintzaren ofiziala zena; 14. furgonetaren arduraduna; garai hartan subofiziala zena -herri segurtasunekoa- eta 13. furgonetako arduraduna; operatiboan parte hartu zuten hiru ertzain soil. Bizkaiko Probintzia Auzitegitik ehun lekuko baino gehiago igaro ziren.

Ondoren, 2018ko abenduan Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak dimisioa aurkeztu zuen. Iñigo Cabacas Lizeranzu hil zutenean Deustuko ertzain etxeko arduraduna zen Aldekoa, eta handik gutxira, 2013ko azaroan, izendatu zuten Ertzaintzako buru nagusi. Aldekoa ez zuten auzipetu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak