2015ean Danbolin Txistulari Elkarteak 30. urteurrena ospatuko du. Apirilean kontzertu berezia eskainiko dute Social Antzokian eta eurekin batera hainbat kolaboratzaile igoko dira eszenatokira.
1985eko martxoa. Data horretan sortu zen irabazi asmorik gabeko Danbolin Txistulari Elkartea, Indartsu, Edurre eta Agintzari Dantza Taldeetako txistularien elkartzea gauzatu zenean. Ordutik hona 30 urte igaro dira eta oraindik Basauriko eta inguruko herrietako kaleak txistuaren doinuaz alaitzen dituzte. Urteurrena ospatzeko, apirilaren 18an kontzertua eskainiko dute Social Antzokian.
50. hamarkadan “entzutez” jotzen zuten bizpahiru txistulari zeuden Basaurin eta Rafa Colás klarinete jolearen ardurapean txistulari talde txikia sortu zen. Garai horretan San Migelen ere beste talde bat sortu zen: Patxi Ibarra bizilagunak -morgatarra jaiotzez- txistuaren eta danbolinaren trebetasuna irakasten hasi zen. “Rafa zein Patxi ezinbestekoak izan ziren Indartsu eta Edurre Dantza Taldeen sorreran eta 80. hamarkada hasierara arte txistua jotzen irakatsi zuten San Migel eta Ariz auzoetan”, dio Imanol Pagola Danbolin Txistulari Elkarteko lehendakariak. 1975. urtean Pozokoetxe auzoan Agintzari Dantza Taldea eratu zen. Hala, euskal folkloreko hiru talde basauriarretan berrogehi txistulari inguru zeuden 80. hamarkadan.
Hala ere, baliabide eta irakasle eskasia zela eta, txistu irakaskuntzaren etorkizuna kolokan jarri zen eta 1983an hiru dantza taldeetako txistulariek Basauriko Udalari solfeoa, txistua, danbolina, silbotea eta atabala irakasteko elkartea sortzea proposatu zioten. Urte hartako abuztuan izan ziren uholdeen ondorioz, 1985era arte atzeratu zen Basauriko Udal Txistu Eskolaren sorrera. Eskola horri esker, ikastetxeetan klaseak antolatzen hasi ziren eskolaz kanpoko ekintza moduan. Horiek horrela, “alde batetik banda zegoen eta beste alde batetik txistua irakasteko eskola”, dio Pili Castro zuzendariak. 1994. urtean elkarte ofizial moduan sortu zen Danbolin Txistulari Elkartea.
Basauriko Musika Eskola martxan jarri zenean, Danbolin elkartekoek erabaki zuten txistua irakasteari utziko ziotela: “Izan ere, Musika Eskolan profesionalak daude eta bertan txistua ondo ikasteko errekurtso gehiago egongo zirela pentsatu genuen. Orduan erabaki genuen banda bakarrik izan behar genuela”, dio Castrok. Azken urteotan ikasle kopurua txikiagotu bada ere, Txistulari Taldea egonkor mantendu da eta gaur egun 30 lagun inguru daude: “Gazteenak 25 urte ditu eta helduenak 60 urte”, dio Aitor Ogiza kideak.
Danbolin Txistulari Elkartearen erronka nagusia Musika Eskolako ikasleek euren ikasketak amaitu ondoren bandara salto egitea da: “Horren alde lan egiten ari gara. Adibidez, Social Antzokian emango dugun emanaldian Eskolako hainbat ikaslek parte hartuko dute”.
GAUR EGUNGO MUSIKARA MOLDATUZ
Aitor Ogiza txistulariaren iritziz, gure eskualdean euskal folklorearen egoera ez da orain dela urte batzuetako berbera: “Lehen ume eta gazte gehiagok ematen zuten izena dantza taldeetan, baina gaur egun ikasle kopurua murriztu egin da”. Eskolaz kanpoko ekintza aukera ugari dagoela argudiatu du Pili Castrok, “eskaintza zabalagoa izatean, normala da euskal folklorea irakasten duten lekuetan jende gutxiago egotea”. Hala ere, Imanol Pagolak argi izpia ikusten du: “Basaurin hiru dantza talde ditugula azpimarratu behar dugu. Gainontzeko hiriekin edo herriekin konparatuta, Basauri oso berezia da”.
Egoera horren aurrean, Danbolin Txistulari Elkartean txistuaren munduari beste ikuspegi bat ematen ahalegintzen dira: “Euskal musika lantzen dugu, baina beste motatako musika ere jotzen dugu. Gaur egungo musikara egokitzen dugu txistuaren doinua. Adibidez, apirileko kontzertuan tango bat eta soinu banda bat joko ditugu, besteak beste”.
Pili Castroren esanetan, “txistua zaletasuna da guretzat. Ez gara profesionalak, gu ez garelako txistua jotzetik bizi. Doan egiten dugu gure lana, eta Udaletik edo ekitaldi baten truke jasotzen dugun dirua elkarteko gauzetarako erabiltzen dugu”.
_______________
30 URTE HERRIGINTZAN EMANALDIA SOCIAL ANTZOKIAN
Egitaraua guztiz zehazteko zertzelada pare bat falta den arren, 30. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezi bat prestatu dute: apirilaren 18an Social Antzokian eskainiko dute kontzertua. “Hiru zatitan banatuko dugu emanaldia: Danbolin Txistulari Elkarteak zati bat egingo du, beste zati bat gonbidatu bezala etorriko den Berriozarreko Doinua bandak eskainiko du eta azkenik -zatirik politena seguraski- bi taldeen arteko nahasketa egingo dugu. Joan den urtean eurekin egin genuen elkartrukea eta aurten eurak Basaurira etorriko dira”, dio Pili Castrok.
Era berean, kontzertuan zehar, bai Danbolinen zatian bai Doinua bandarekin batera egingo duten zatian, kolaboratzaileak izango dituzte: pianoa, soinua, kontrabaxua, Basauri Koral Elkartea eta Zirzira abesbatzak, Agintzari, Basauritar eta Edurre Dantza Taldeak, Bizkaiko Gaiteroak eta Musika Eskolako ikasle batzuk, besteak beste: “Oso ikuskizun polita izango da, behin bakarrik egingo dugulako”.
Social Antzokiak berak prestatu du “30 urtez herria eginez” lema eta kartela. “Sorpresa izan da guretzat. Guk ez genuen horren berri eta oso gustura gelditu gara hautatu duten lemarekin”, dio Imanol Pagola lehendakariak.
