Sareak

☉ Basauri

Eider (Erizaina Basurtun): “Etxean berrogeialdian egon nitzen. Ospitalea nola aldatu eta moldatu egin den ikusi dut”

|

Eider de Pablo / Utzitakoa

Eider de Pablo (Basauri, 1992) erizaina da Basurtuko ospitalean. Pediatrian egiten du lan, baina koronabirusaren pandemia dela eta, ospitalearen zerbitzura jarri, eta behar izan duten lekuan lan egin behar izan du. Duela hilabete baino gehiago Basurtuko Zainketa Intentsiboko Unitate batean dago. Covid-19a gurean bete-betean agertu aurretik, Basurtun izan zen lehenengo positiboarekin kontaktuan izan zen eta horregatik berrogeialdian, isolatuta, eman behar izan zituen hamabost egun. Bitartean koronabirusaren proba egin zioten eta negatibo eman zuenez, martxoaren 15ean lanera itzuli zen, alarma-egoera ezarri zutenean.

Erizaina zara Basurtuko ospitalean.
Basurtuko ospitalean egiten dut lan. Normalean pediatrian egiten dut lan, baina koronabirusaren pandemia dela eta, hasieran ospitalearen zerbitzura nengoen. Lanera nindoan egun berean esaten zidaten nora joan, erizainen falta zegoen lekura hura ordezkatzera nindoan edo bestela lan edo behar gehiago zegoen lekura joaten nintzen laguntzera. Orain, duela hilabete eta erdi, Zainketa Intentsiboko Unitatean (ZIU) nago. Beharrak egon direnez, birkokatu egin gaituzte, eta nire kasuan, covid-erako ireki behar izan ziren ZIUetako batean kokatu naute. Guztira sei ZIU ireki behar izan dituzte, eta orain hiru baino ez daude zabalik. Une honetan hiru ZIU horietako batean nago.

Zein da egoera?
Ospitaleratuen jaitsiera izugarria izan da. Sei ZIU irekita egotetik, orain hiru daude. Ditugun gaixoek egun asko daramatzate bertan. Hiru aste, lau aste edo gehiago daramatzaten pazienteak dira. ZIUez gain, ospitaleko gainerako lekuetan zortzi solairu ere egon dira zabalik, eta une honetan bi bakarrik daude irekita eta erdi hutsik. Solairu bakarra irekita egon liteke, eta horixe nahi da aste honetarako: solairu bat uztea covid-entzako.

Galdakao Ospitaleko ZIUko erizaina: “Ez ditugu txaloak behar, lan egiteko materiala behar dugu. Berrerabiltzen ari gara”

Eta horrela, normaltasunera bueltatu.
Bai. Covid-19agatik solairu asko ireki behar izan zituzten. Horietako asko ebakuntzetarako solairuak ziren eta ondorioz, ebakuntzak egiteari utzi behar izan zen. Orduan, covid-ak zeuden solairuak murriztu direnez, pixkanaka normaltasunera itzuliko gara ospitalean. Garbitzaileak ondo garbitzen ari dira kutsatuak egon diren solairuak.

Kutsatutakoen kopurua egonkortu da?
Esan genezake azken bi aste hauetan ZIUetara sartu diren kutsatze berriak oso gutxi direla. Ni nagoen ZIUn, adibidez, ez dugu ospitaleraturik izan. Beste bi unitateetan egon dira, baina oso gutxi.

Eider de Pablo / Utzitakoa

Baliabideen inguruan galdetuko banizu.
Orain hobeto gaude. Gure kasuan, norbera babesteko ekipamenduak (EPIak) berrerabili behar ditugu. Leku batzuetan bota egiten dituzte, baina guk esterilizatu, garbitu eta berriz erabiltzen ditugu. Gure unitatean izan dugun arazoa da hamabost egunez FFP3ko maskararik gabe egon garela. Maskara horiek beharrezkoak dira intubatuekin, fluxu handiko jendearekin edo arnasketa-arazoak dituztenekin egoteko. Kasu horietan, maskara horiek erabili behar dira, kutsatzeko arrisku handiagoa dagoelako. Hasieran maskara batzuk erabili genituen, baina Osasun sailak kendu zituen, akastunak atera zirelako. Suposatzen zen FFP2 zirela, baina frogatu da 2-3 minutu irauten zutela, eta guk egunetan erabili genituen. Oraintxe bertan maskara gehiago ditugu, eta gero eta sarriago aldatzeko aukera dugu. Ez edukitzetik edukitzera pasatu gara, eta maizago aldatzeko aukera dugu. Baliabide aldetik hobeto gaude, nahiz eta hobeto ere egon gintezkeen EPI gehiagorekin.

Akastun maskarak erabiltzeagatik probak egin dizkizuete?
Bai, hainbat proba egin dizkigute. Osasun-langileei testak egiten hasi dira, eta gure unitatean dagoeneko egin dizkigute. Kutsaturen bat egon da. Akastun maskarak erabili genituenez, beste bi proba gehiago egingo dizkigute.

Konfinamenduko neurriak murrizten ari dira. Uste duzu beste kutsadura-hazkunde bat egon daitekeela?
Misterio bat da. Benetan ezetz espero dugu, batez ere, esan dizudan bezala, solairuak ixten ari direlako eta ohiko pazienteentzat prestatzen ari direlako. Sakon garbitu dituzte, baita margotu ere. Atzerapena izango litzateke berriz ere kutsatu gehiago egongo balira. Igandekoa lotsagarria izan zen. Espero dut irudikeria bat izan dela eta jendeak benetan kontzientzia hartu duela. Agian kutsatuek gora egingo dute, baina martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran baino askoz gutxiago izatea espero dut. Ikaragarria izan zen.

Zure kasuan, berrogeialdian izan zinen Covid-19a zuen paziente batekin kontaktuan izan ondoren.
Hala da. Basurtuko ospitalean izan genuen lehenengo positiboarekin kontaktuan egon nintzen. Momentu horretan ez zegoen baieztatutako kasurik Bizkaian eta ez genuen neurririk hartu pazientearekin egotean, neurririk ez zegoelako. Gainera, gaixo hori ez zen ospitalera etorri eztula edo sukarra izateagatik; beste gauza batzuengatik ekarri zuten. Orain, ospitale osoan, nahiz eta koronabirusa ez daukaten gaixoekin egon, aurpegiko maskara eta eskularruak erabiltzen ditugu badaezpada ere.

Non egin zenuen berrogeialdia?
Nire etxean egin nuen. Nire bikotea nirekin bizi da eta bere gurasoen etxera joan zedila esan nion, etxean neurri egokiak hartu ahal izateko.

Zein jarraibide jarraitu zenituen berrogeialdian?
Oraindik konfinamendu egoeran ez geunden hartan, hasieran kalera irteten uzten zidaten. Ni bakarrik bueltatxo bat ematera joan nintekeen, inor ez zegoen lekuetara. Gero, sintomekin hasi nintzen (eztula eta eztarriko mina) eta orduan etxean itxita egotea esan zidaten. Hor hasi zen nire berrogeialdia.

Eta hamabost egun eman zenituen etxean itxita, konfinamendua hasi aurretik.
Otsailaren bukaeran hasi nuen berrogeialdia eta martxoaren 14ra arte egon nintzen etxean itxita.

Hain justu, konfinamendua hasi zenean.
Hala da. Berrogeialdia martxoaren 14an bukatu nuen eta lanera hilaren 15ean itzuli nintzen, salbuespen egoera jada hasita.

Zelangoa izan zen lanerako itzulera?
Itzulera arraroa izan zen, alde batetik ospitalean denek, langileek zein pazienteek, ahoko maskara zeramatelako, eta bestetik giroa oso arraroa zelako. Etxean itxita egon nintzen hamabost egun horietan ospitaleko egoera erabat aldatu zen.

Lanera itzuli aurretik koronabirusaren proba egingo zizuten.
Bai. Berrogeialdian nintzen bitartean eztula eta eztarriko minarekin hasi nintzen eta horregatik testa egin zidaten. Proba egiteko Galdakao-Usansolo ospitaletik etorri ziren etxera sudur eta ahoko laginak hartzera. Hau da, PCR proba egin zidaten. Organismoan birusik dagoen -koronabirusa eta beste batzuk- ikusteko egiten da PCRa. Testaren emaitza negatiboa izan zen, eta lanera itzuli nintzen.

Osakidetzatik jarraipena egin zizuten berrogeialdian?
Bai, lehenengo egunetik. Egunero, 09:00etan eta 20:00etan nire gorputzaren tenperatura bidali behar nien. Telefono bidez egiten genuen hori. Eta, sintomaren bat banuen, Osakidetzako telefono batera deitu behar nuen.

Eta, berrogeialdian zinen bitartean, harremanik izan zenuen kanpokoekin?
Ez nuen kanpokoekin inolako harreman zuzenik izan. Esaterako, erosketak Internet bidez egiten nituen eta etxeko atarian uzten zizkidaten. Beste behin nire bikotekideak ekarri zidan erosketa, baina segurtasun-neurriak zorrozki mantendu genituen.

Covid-19a berria izan da denontzat, baita osasun langileentzat ere.
Bai, osasun langileontzako ere birus berria izan da. Egunero protokolo berriak atera dituzte eta ez genekien hurrengo egunean aurreko eguneko bera egin behar genuen ala lan egiteko moduak aldatuko ziren. Ikastaro txikiak jaso genituen koronabirusa daukan gaixo baten aurrean gaudenean jarri behar dugun arropa jartzen jakiteko.

☉ Basauri

Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

|

Azaroaren 2an izango da Basauriko Herri Krosa // Geuria

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.

Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:

  • 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
  • 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
  • 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
  • 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)

Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.

San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean

Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

|

Jaimones (Basauri), Kruddö (Etxebarri) eta Silkat (Galdakao) dira Hego Uribeko talderik onena saria irabazteko hautagaiak // Rockein

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.

Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.

Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.

Eskualdeko hautagaiak

Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.

Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.

“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”

Emakumeen esperientziaren hitzaldia

Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).

Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.

Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.

Egitaraua | Rockein finala 2025

Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)

Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones

Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax

00.15 Sari-banaketa

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

|

Herritarra, Social Antzokiko inguruko obrei begira // Geuria

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.

“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.

Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri