Laugarren urtez ospatuko da aurten Basaurin Be Bagara jaia eta Euskarabila Elkarteak laguntza eskatu dio Emakumeak Aniztasunean elkarteari: “Bai Euskarabilak bai guk Basaurin euskararen erabilera sustatzeko ahaleginak egiten ditugulako jo dute guregana”, dio Francy Fonseca Linares Emakumeak Aniztasunean elkarteko zuzendariak: “Gure elkartean munduko edozein tokitako emakumeak gaude, ez dakigu euskaraz, baina hizkuntzarekiko jarrera baikorra daukagu, euskara ikastaroa egin genuen eta gure seme-alabak D ereduan matrikulatzen ditugu”.
Azaroaren 29rako Euskarabilak prestatu duen jaian Emakumeak Aniztasunean elkarteak bi ekintzetan hartuko du parte. Alde batetik, pankarta bat egingo dute Basaurin Be Bagara lemarekin: “Patchwork bat egingo dugu, hau da, ehun ezberdinetako zatiak lotu eta josi egingo ditugu. Eta, noski, edozeinek parte har dezake ekimenean”, dio Francyk. Apirila bukatu arte, asteartetan (18:00etatik 20:00etara) eta asteazkenetan (10:00etatik 12:00etara) Echando Raices zentroan elkartuko dira. “Lemako letra bat josi barik utziko dugu, azaroaren 29an Solobarria plazan bertan josteko”, dio Francyk.
Bestetik, kontakizun labur bat egingo dute: emakume migratzaileen esperientzia kontatuko duen istorioa, alegia. Irailetik aurrera hasiko dira narrazioa eratzen, euskaratu egingo dute eta jaian antzeztuko dute.
2008TIK EMAKUMEAREN AHALDUNTZEA BULTZATZEN
Orain dela zazpi urte sortu zen Emakumeak Aniztasunean elkartea. Jatorri ezberdineko hogei emakume inguruk osatzen dute elkartea; basauriarrak ere badaude. Geroztik, hainbat jarduera burutzen dituzte 2010ean sortutako Echando Raices Kulturen Arteko Zentroan. “Hizkuntzak ikasteko ikastaroak (arabiera, ingelesa, frantsesa) edo laguntza eskolarra euskaraz ematen ditugu. Gainera, doako ekintzak ere antolatzen ditugu: coffe break, zinema forum eta erakusketak, besteak beste”, dio Francy Fonseca zuzendariak. Emakumearen ahalduntzea formazioan, orientabidean edo atentzioan bultzatzea dute xede nagusi.
