→Basauri

Eneko Orio (Indartsu Eskola): “Lehiaren eta heztearen balantzan, beti heztearen alde jo behar dugu eskola kirolean”

Indartsu kluba futbol eskola berria martxan jartzen ari da. Lau ardatz izango ditu: euskalduna, herrikoa, hezitzailea eta parekidea. Ondo bidean, San Migel, Soloarte eta Basozelaiko zelaietan arituko direla aurreratu digu Eneko Orio Indartsu Eskolako koordinatzaileak: “Euskal aisirako sortu zen Indartsu eta erro haietara heltzeko modua da Eskola”.

Lau ardatzetan lehena euskalduna izatea da. “Futbolaren euskarazko lexikoa erabiliko dugu”, adierazi du Oriok. Horretarako euskara teknikariekin lanean ari dira, egunerokoan umeekin erabiltzeko aproposa den futbolaren inguruko lexiko bat ezarri eta hezitzaileen artean erabiltzeko. Eskola parekidea izateko gogor arituko direla dio Oriok, “maskulinizatuta dagoen munduan emakumearen presentzia handitzeko”.

Azkenik, lehiaren eta frustrazioaren inguruan aritu da Indartsu Eskolako koordinatzailea: “Lehiaren eta heztearen balantzan, beti hezterantz jo behar dugu eskola kirolean. Datuei erreparatzen badiegu, ehuneko oso txiki bat heltzen da lehen mailara. Aukerak hain txikiak izanda, ez du merezi inor frustatzea. Gainera, frustrazioaren bidez inor ez da helduko kirolaren maila gorenera”.

Eneko Orio / Geuria

Indartsu Futbol Eskola herriko hainbat erakunde eta agenteekin akordioak sinatzen ari da, besteak beste, San Migel futbol taldearekin eta San Jose ikastetxearekin.

Etzi, ostegunean, ekainaren 17an, ate irekiak izango dituzte, 18:30ean San Migel futbol zelaian. “Eskola-adineko edozein haurrek Indartsu Eskolarekin futbol-egun bat gozatzeko aukera izango du. Osteguneko saioa Gorka Boyano entrenatzaileak zuzenduko du”, zehaztu dute sare sozialen bidez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak