→Basauri

🔴 Eraso homofoboa Basaurin: 13 gaztek beste bat jipoitu eta konorte barik utzi zuten asteburuan

Bizkotxaldeko gradetan gertatu zen erasoa / Geuria

Larunbat gauean eraso homofobo bat gertatu zen Basauriko Bizkotxalde parkean. Hamahiru gaztek osatutako talde batek 23 urteko beste gazte bat jipoitu zuen, konorte barik utzi arte. Erasoa 02:30ak aldera jazo zen. GEURIAk erasotuaren senideekin hitz egin du.

Lekukoek adierazi dutenez, erasotzaileek gazteari esan zioten nazka ematen zuela eta handik alde egiteko. Gazteak erantzun zien bera ez zela handik mugituko. Orduan hasi ziren joka. Lekukoen arabera, lehenego batek jipoitu zuen eta ondoren beste hamabiak ere hasi ziren gaztea jipoitzen. “Esto te pasa por ser marica” eta bestelako oihuak bota zituzten erasotzaileek, eta Bizkotxaldeko plazatik Azbarren auzorantz alde egin zuten.

Osasun zerbitzuak bertaratu ziren, konortea berreskuratu zuen erasotuak eta anbulantzian eraman zuten Galdakao-Usansolo ospitalera. Kolpe handiak ditu gorputz osoan, bereziki buruan eta aurpegian. Erasotuak, 23 urteko basauriarrak, Ertzaintzan salaketa jarri du. Ertzaintza erasoa ikertzen ari da eta Basauriko Udaltzaingoarekin batera ustezko erasotzaileak identifikatu dituzte. Momentuz, 18 eta 27 urte bitarteko bederatzi gazte identifikatu dituzte ustezko parte-hartzaile gisa.

Eraso homofoboa salatzeko datozen orduetan agerraldia deituko dute Basaurin. Herriko talde politikoek eta gizarteko elkarte, agente eta herritarrek dagoeneko salatu dute erasoa. Hala nola, Herriko Taldeak, CD Basconia, BSK Saskibaloi Taldea, Edurre Dantza Taldea edota Basozelaiko Auzo Elkartea.

Herrian gertatutako eraso homofoboa gaitzetsi dute Basauriko Udaleko talde guztiek

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak