2011. urtetik gaur egunera arte gatazka izan da nagusi Eroski eta Basauriko Udalaren artean. Orain dela lau urte, azaroan, Bilbondoren handitzea bertan behera geratu zen legealdi honetako gobernuak horrela adierazi ondoren, eta erabaki horrek Eroskiren desadostasuna ekarri zuen. Orduan, banaketarako kooperatibak udal dekretua epaitegira eraman zuen, baina Administrazioarekiko Auzibideak atzera bota zuen helegitea.
Eroskiren erantzuna ez zen asko luzatu eta 6.665.320 euro erreklamatu zizkien Basauriko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, Bilbondoko Xehetasun Azterketa deusezten zuen deklarazio judizialaren ondarezko erantzukizuna egotzita. Hala ere, 2015eko otsailean jakin denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzibideak ez du eskaera hori onartu; hain zuzen ere, Xehetasun Azterketa horrek Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Ekonomikoetarako Lurralde Plan Sektoriala (LPS) urratzen zuen.
Sententziaren arabera, hirigintza aukerak ez dira konpentsagarriak eta garai bateko Basauriko Hiri Antolakuntza Planak (HAPO) ahalbidetzen zuenez, Eroskik aukera bazuen lurzoru gehiago eraikitzeko. Haatik, ez zuen eskuarte hori agortu eta bitartean LPSa indarrean sartu zen.
“Epaia lasaitasunez eta poztasunez hartu dugu. Izan ere, Eroskiri ordaindu beharra traba ekonomiko handia izango zatekeen hainbat urtez eta horrek Basauriko Udalaren ahalbide inbertitzaileari kalte egin ziezaiokeen”, diote Basauriko Udaletik.
ERALDAKETA-OBRAK ZORU KOMERTZIALEAN
Hiri Antolakuntza Planak aldaketa puntuala izan zuen 2014ko otsailean, Zabalandi (Bilbondo) gunearen inguruan. Udal ordezkariek -EAJren, PSEren eta Bilduren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin- Bilbondoren handitzea ezeztatzea erabaki zuten eta HAPOaren testu berria idatzi zuten: 2000. urteko HAPOak zioenez, guztira 47.368,96 metro karratu izan zitzakeen Bilbondok, baina merkataritzarako 36.976 metro karratu ditu eta horiek errespetatzea adostu zuten.
Beraz, gainontzeko 10.392 metro karratuek erabilera komertziala izatea debekatu zuten: “Bilbondoko jabeek konponketa- edo eraldaketa-obrak burutu ditzakete, betiere metro karratu komertzialak errespetatzen badituzte”, adierazi zuten udal ordezkariek.
________
Jose Feijoó | Basauriko Merkatarien Elkartea
“EGUN SALTOKI HANDIAK EZ DIRA MEHATXU TOKIKO SALTOKIENTZAKO”
Saltoki handiak eta tokian tokiko merkatarienak hizpide izan dira Bilbondoren handitzea aztergai izan denean. José Feijoó Basauriko Merkatari Elkarteko lehendakariaren esanetan, “gaur egun saltoki handiak ez dira mehatxu tokiko merkatarientzat. Garai batean hala zen, baina orain gauzak aldatu dira”.
Basauriko Udalak eskatuta, Gizaker enpresak herriko gaiei buruzko ikerketa martxan jarri zuen irailean eta 18 urtetik gorako 400 bizilagunek hartu zuten parte. Azterketaren arabera, %96,3ak eguneroko erosketak herrian bertan egiten ditu. Horren inguruan Feijoók bere poztasuna adierazi du: “Merkataritzari dagokionez, Basaurik denetarik du eskura: saltoki handiak zein txikiakm eta herritarrek oso ondo baliatzen dute hori”.
Bestalde, Bilbondoren handitzearen prozesua luzea izan dela dio Feijoók: “Hasieratik bagenekien Bilbondoren handitzea legearen kontra zihoala, baina aurreko udal gobernuak ez zuen horrela ikusi. Hala ere, guk gureagatik borrokatu genuen eta, horrela, Bizkaiko Auzitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman ziguten: Bilbondok eraldaketak egin ditzake, baina lurzoru komertzialean soilik”.
Basaurin Mercadona irekitzearen harira, legea betetzen ari direla adierazi dute Basauriko Merkatari Elkartetik eta, beraz, zer esanik ez dutela: “Etor dadila nahi duena, legeak errespetatzen baditu, noski”.
